Herritarren ikusmiran zabaldu dute Zelai Luzeko arte azoka

Uztarria.eus 2019ko abe. 7a, 19:41

Giro ederrean eta musikaz girotuta, gaur, zapatua, zabaldu dute Zelai Luzeko arte azoka, 18:00etan. Ateak zabaldu bezain pronto jende ugari bertaratu da urte luzez Marcial Ucin enpresaren bulegoak egon ziren eraikinean jarri dituzten artelanak ikustera. Azpeitian antolatzen den aurreneko arte azoka da gaur ireki dutena, eta bertan Aitor Etxeberria, Barbara Stammel, Keixeta, Olatz Aguado, Urssy Baterna Art Grupa, Gorka Larrañaga, Iban Izagirre, Udane Juaristi, Jon Andoni Martin eta Cesar Ragel artisten lanak ikus daitezke. Margoak, argazkiak, ilustrazioak, eskulturak, objektuak... Sortzaile bakoitzak bere lanaren emaitzak erakusgai eta salgai jarri ditu Zelai Luze coworking gunean, eta harrera bikaina izan dute herritarren artean. 

Gabon aurreko hiru asteburuetan egongo da zabalik arte azoka. Abenduaren 8an, 14an, 15ean, 21ean eta 22an, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara irekiko dute aretoa, interes duten herritar guztiak bertara daitezen.