2020ko Irudhitzen egutegia, etxeetara banatzeko prest

Uztarria.eus 2019ko abe. 5a, 15:44

Uztarria Komunikazio Taldeak Irudhitzen lehiaketan parte hartu zuten herritarren irudiekin eta hitzekin osatu du 2020ko egutegia. Uztarriako bazkideek datozen egunetan jasoko dute beren etxeetan, eta gainerako herritarrek erosteko aukera izango dute Uztarriaren erredakzioan, bost eurotan.

2020ko egutegia kaleratu berri du Uztarria Komunikazio Taldeak, Irudhitzen argazkilaritza eta literatura lehiaketaren aurtengo edizioak utzitako fruituekin. Uztarriako bazkide diren lagunek datozen egunetan jasoko dute egutegia abenduko aldizkariarekin batera. Gainerako herritarrek, berriz, egutegia erosteko aukera izango dute Uztarriaren erredakzioan (Perez Arregi plaza, 1), bost euro ordainduta. 

Lehiaketara aurkeztutako irudietatik epaimahaiak aukeratutako 12 argazki ageri dira egutegian, eta irudi bakoitza testu labur batez lagunduta dago. Testu horiek lehiaketaren idatzizko atalean parte hartu zuten herritarrek idatzitakoak dira. Epaimahaiak nabarmendutako argazkia Iñaki Etxenagusiarena da. Testua, aldiz, Olatz Pratena.

Irudhitzen erakusketa, urtarrilean

Uztarriaren 2019ko Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako argazki eta testu guztiekin erakusketa prestatuko du komunikazio taldeak, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Urtarrilean izango dira ikusgai argazki eta testu guztiak Sanagustin kulturguneko hormetan. Data gerturatzen ari den heinean izango duzue xehetasun gehiagoren berri uztarria.eus-en.

Irudhitzen, urtez urte

I. Irudhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Maialen Etxaniz. Testuen ataleko irabazlea: Izaskun Egiguren.

II. Iruhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Alberto Beloki. Testuen ataleko irabazlea: Irati Aranguren. 

III. Irudhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Juan Joxe Agirre. Testuen ataleko irabazlea Maialen Etxaniz.