Ura garbitzeko sistema naturala jarri dute Aratzerrekan

Uztarria.eus 2019ko abe. 5a, 13:59
Aitor Bereziartua zinegotzia, Iker Goikoetxea Kimu Bateko kidea eta Rosa Buldain Aratzerrekako auzoalkatea. (Azpeitiko Udala)

Fitoarazketa izena du sistemak, eta landareak arduratzen dira ur zikinak garbitzeaz. Eman ditu aurreneko emaitzak, eta udal ordezkariak, auzoko bizilagunak nahiz instalazioa egin duten enpresako kideak gustura dira. 2018ko udaberrian Xoxoten jarri zuten halako sistemadun araztegi bat.

Ur zikinen aferari irtenbidea emateko, horiek modu naturalean eta ekologikoan arazteko azpiegitura jarri du udalak Aratzerreka auzoan. Xoxoten 2018ko udaberrian jarri zuten gisan, fitoarazketarako gunea muntatu dute auzoan, ur zikinak modu naturalean garbitzeko.

Ur zikinak bi tratamendu jasotzen ditu fitoarazketa sistemarekin, eta landaredia eta fauna arduratzen dira ura garbitzeaz, prozesu biologikoen, fisikoen eta kimikoen bitartez. Txandakatuz funtzionatzen duten bi hezegune jarri dituzte auzoan, eta horien bitartez egiten dute uraren garbiketa. Landareek jaten dute zikinkeriaren %20a, eta gainerako guztia mikroorganismoen bidez txikitzen da.

Arazoari konponbidea aurkitzea "erraza ez" bazen ere, Aratzerrekan ur zikinekin "zerbait" egin beharra zegoela adierazi du Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak. "Duela urtebete Xoxoten jarritako hezeguneak ondo funtzionatzen duela ikusita, Aratzerrekan ere probatzea erabaki dugu. Izan ere, uste dugu sistema hori egokia dela halako ingurune batean ur zikinak modu naturalean eta ekologikoan tratatzeko".

Xoxoten bezalaxe, Kimu Bat enpresak egin du Aratzerrekako araztegi naturalaren instalazioa, eta enpresa horretako kideak "gustura" dira emaitzarekin. "Aratzerrekakoa proba da guretzat ere; izan ere, orain arte etxe bakanetan jarri dugu martxan ur zikinak garbitzeko gisa honetako azpiegiturak", azaldu du Kimu Bat enpresako Iker Goikoetxeak.

Haren arabera, egin duten instalazioak Aratzerrekako herrigune osoarentzat balioko du. Hain zuzen ere, araztegiak 30 bat lagun bizi diren lekuetarako errendimendua daukala jakinarazi du Goikoetxeak. Hark adierazi duenez, gainera, momentuz "ondo" funtzionatzen du azpiegiturak; ura araztegiko sarreran eta tratamendua jasotzean neurtzen dute, kontrola eramateko.

Aratzerrekako bizilagunak ere gustura dira proiektu berriarekin. Rosa Buldain auzoalkateak hala adierazi du: "Araztegiarekin aspalditik genuen arazo bat konpondu da. Gainera, ez du usainik botatzen, eta azpiegiturak ez du kontrasterik sortzen inguruan".