Apustua Azpeitiko zezen plazan jokatzea erabaki dute Peñagarikanok eta Aizperrok

Uztarria.eus 2019ko aza. 29a, 17:00

Erabaki dute apustua jokatzeko tokia. Azpeitiko zezen plazan izango da Kepa Peñagarikano eta Josean Olaskoaga Aizperroren arteko desafioa, 2020ko martxoaren 14an, 18:00etan hasita. Zestoa eta Azpeitiko udalekin hartu-emanetan aritu dira apustuaren antolatzaileak.

Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarrak eta Josean Olaskoaga Aizperro arraunlari ohi oriotarrak gaur zortzi hitzartu zuten erronka Azpeitiko Landeta auzoko Mendizabal tabernan. Egun horretan apustuaren hainbat kontu hitzartu zuten: bi kirolariek egin beharreko lanak, egurrak nork eraman, jarri beharreko dirua eta abar. Jokatzeko eguna zehaztu gabe, datorren urteko martxoaren bigarren asteburua finkatu zuten orduan. Zortzi egun hauetan, baina, hariak lotzen joan dira apustuaren antolatzaileak. Azkenean, hari mutur guztiak lotuta, adierazi dute erronka Azpeitiko zezen plazan jokatuko dela, 2020 martxoaren 14an, larunbatez, 18:00etan hasita.

Zestoako eta Azpeitiko udaletako ordezkariekin hartu-emanetan izan dira kirolariak erronka non jokatu erabakitzeko. Azkenean, Azpeitiko zezen plazan jokatzea erabaki dute. Azpeitiko Udalak erronka jokatzeko baldintza onak jarri dizkiela adierazi dute kirolariek. Non jokatu erabakitzea ez zaiela erraza egin adierazi dute.