Iñaki Elorza 'Txapas'-ek Ohorezko Aipamena jaso du Rikardo Arregi Sarietan

Uztarria.eus 2019ko aza. 29a, 10:58

Atzo, osteguna, banatu zituzten aurtengo Rikardo Arregi Sariak Andoainen (Gipuzkoa), eta Iñaki Elorza Txapas kazetari azpeitiarrak Ohorezko Aipamena jaso zuen ekitaldian. Irrati esatari lanetatik erretiroa hartu berri du Txapasek, eta kazetaritza "ibilbide jarraitu bezain oparoa" egiteagatik jaso zuen saria, epaimahaiaren arabera. Ohorezko Aipamena saria ez dute urtero banatzen; hain zuzen ere, epaimahaiaren esku dago euskal kazetaritzaren historian "ezinbesteko erreferentzia" izan diren erakunde, ekinbide eta pertsonei aitorpen hori egitea. Iñaki Elorzak urteak egin ditu euskarazko irratigintzan lanean: Herri Irratian hasi zuen ibilbidea, eta gero Euskadi Irratira egin zuen jauzi.

Gainera, kazetaritza saria jasotzeko hautagaietako bat zen Miel Anjel Elustondo (Azpeitia, 1958) kazetaria eta Uztarria aldizkariko kolaboratzailea. Elustondo Berriarako egin zuen Zozoen elean elkarrizketa sortagatik izendatu zuten finalista, baina harez gain, beste hiru finalista izendatu zituen epaimahaiak: Jon Artano kazetari zestoarra, 2019. urtean Ameriketatik egindako EITBrako kronikak eta elkarrizketak direla eta; Ana Galarraga zientzialari zarauztarra, Elhuyar aldizkariko Iraultza txikien lekukoak atalagatik; eta Kanaldude, Hurbiletik telebista saioagatik. Azken horrek jaso zuen saria.

(Argazkia: Aiurri)