Martxoaren 14an jokatuko dute apustua Peñagarikanok eta Aizperrok

Uztarria.eus 2019ko aza. 28a, 10:11
Negoziazio hitzorduko irudi bat.

Azpeitian edo Zestoan jokatuko dute erronka; erabakitzeko dute oraindik. Ostiralean adostu zuten harri-jasotzen, aizkoran eta lasterka zer lan egin beharko dituzten. Bi kirolarientzat lehen apustua izango da martxokoa. Larunbatez izango da erronka, 18:00etan hasita. Hiruna mila euro jarriko dituzte jokoan bi kirolariek.

Datorren martxoaren 14an jokatuko dute Kepa Peñagarikano pilotari ohiak eta Josean Olaskoaga Aizperro arraunlari ohiak apustua. Joan zen ostiralean hitzartu zuten erronka, hain zuzen ere, Azpeitiko Landeta auzoko Mendizabal tabernan horretarakoxe jarri baitzuten zita bi kirolariek. Ostiralean esan zuten martxoko bigarren asteburuan jokatuko zutela apustua, baina ez zuten zehaztu eguna. Dena den, dagoeneko adostu dute data zehatza.

Bina lagunekin joan ziren negoziaketara Peñagarikano eta Aizperro, eta ordu eta erdiz aritu ziren hizketan. Lehen eztabaida ehun kiloko bolarekin egin beharreko altxaldien ingurukoa izan zen. Gero, ebaki beharreko kanaerdikoak izan zituzten eztabaidagai, eta ondoren, lasterka egin beharreko kilometroen kopurua. Desadostasunak izan zituzten abiapuntuan, baina batak eta besteak beren aldetik jarrita, iritsi ziren adostasunera.

Apustuaren negoziazioa ia ordubetera iristear zela, Peñagarikano eta haren lagunak mahaitik jaiki ziren, nahiz eta berehala berriro heldu zioten negoziazioari. Eta apustua ia bertan behera uzteko zorian izan eta ordu erdira itxi zuten akordioa: bi kirolariek ehun kiloko harriari 35 altxaldi egin beharko dizkiote, kanaerdiko sei enbor ebaki eta 4,5 kilometro egin beharko dituzte korrika.

Lanak adostuta, ebaki beharreko egurrak apustura nork eraman erabakitzeko zozketa egin zuten bi aldeek. Zoriak hala erabakita, Aizperrok eramango ditu ebaki beharreko sei enborretatik lau; eta gainerako biak Peñagarikanok.

Mendizabal jatetxetik alde egiterako, milana euro jarri zituzten bi kirolariek berme gisa, eta gainerako bi milana euroak apustuaren eguna baino bi egun lehenagorako jarri beharko dituzte.

Non egin, zalantza

Apustura begira, zailena hitzartu dute bi kirolariek, baina oraindik badituzte zehazteko hari batzuk. Horietako bat da apustua jokatuko duten lekua erabakitzea. Zestoako eta  Azpeitiko udalekin hartu-emanetan dira kirolariak eta haien laguntzaileak, eta horiek tokia aurki erabakitzea espero dute. Dena den, herri batean edo bestean jokatu, eguna eta ordua zehaztuta dauzkate dagoeneko. 2020ko martxoaren 14an, larunbatez, izango da erronka, 18:00etan hasita.

Peñagarikano aurten zen lehen aldiz Euskal Pentatloi Txapelketan parte hartzekoa, baina ezin izan zuen helburua bete, entrenatzen ari zela aizkorarekin istripua izan baitzuen. Aizperrok, berriz, parte hartu zuen pentatloian, eta lehen fasea igarota, finalean seigarren sailkatu zen. Azpeitiarrak lehen apustua izango du datorren urtekoa, eta oriotarrak ere bai, batak eta besteak ez baitute eskarmenturik apustu kontuetan.