Irudhitzen lehiaketaren IV. edizioa

Olatz Pratek irabazi du IV. Irudhitzen lehiaketaren testuen atala

Uztarria.eus 2019ko aza. 26a, 17:59
Olatz Pratek Juan Joxe Agirreren argazkiari jarritako testuak irabazi du lehiaketaren hitzen atala.

Juan Joxe Agirrek ibaiari ateratako argazkiari jarritako hitzekin irabazi du Pratek testuen atala, eta 150 euroko saria eskuratuko du. Azken urteetan egin bezala, Uztarria Komunikazio Taldeak datorren urteko egutegia kaleratuko du IV. Irudhitzen lehiaketan nabarmendutako hamabi argazkiekin eta testuekin. Uztarriaren bazkideek etxean jasoko dute 2020ko Irudhitzen egutegia, 2019ko abenduko aldizkariarekin batera. 

Olatz Prat da IV. Irudhitzen lehiaketaren testuen atalaren irabazlea. Gaur, asteartea, jakinarazi dute epaia Xabier Gantzarainek, Leire Ostolazak eta Miren Garatek. Hiru epaimahaikideek Pratek Juan Joxe Agirrek ateratako argazki bati jarritako testua aukeratu dute irabazle gisa –albiste honen goi aldean ikus daitezke argazkia eta testua, bateratuta–. Ibaiaren ur emaria erakusten du Agirrek ateratako argazkiak, eta mugimendu horretan oinarritu da Prat hitzak idazterakoan. Hark 150 euroko saria eskuratuko du.

Epaimahaikideek egutegia osatuko duten beste 11 irudiei lagunduko dieten testuak ere aukeratu dituzte, eta honako egile hauenak dira: Ane Borda, Ainhoa Odriozola, Irati Aranguren, Amaia San Vicente, Olatz Prat, Ixabel Jauregi eta Esteban Etxaniz.

Mugimendua izan da nagusi Irudhitzen lehiaketaren laugarren edizioan. Argazkien atala Iñaki Etxenagusiak irabazi du, eta 150 euroko saria jasoko du hark ere. Xanti Rodriguezek, Paola Motok eta Nagore Iriartek osatu dute aurtengoan argazkien ataleko epaimahaia.

Guztira, 58 argazki eta 36 testu aurkeztu dituzte Irudhitzen lehiaketaren laugarren ediziora.

Egutegia, erakusketa eta sari berriak

Azken urteetan egin bezala, Uztarria Komunikazio Taldeak datorren urteko egutegia kaleratuko du IV. Irudhitzen lehiaketan nabarmendutako hamabi argazkiekin eta testuekin. Uztarriaren bazkideek etxean jasoko dute 2020ko Irudhitzen egutegia, 2019ko abenduko aldizkariarekin batera. Bazkide ez diren herritarrek, berriz, egutegia erosteko aukera izango dute Uztarriaren erredakzioan.

Aurtengo Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako material guztiarekin –argazki eta testu guztiekin– erakusketa prestatuko du Uztarria Komunikazio Taldeak Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Beraz, 2020ko urtarrilletik otsailera bitartean Irudhitzen lehiaketak utzitako argazki eta testu guztiak ikusgai izango dira Sanagustin kulturgunean. Aurten, berrikuntza bezala, herritarrek botoa emateko aukera izango dute erakusketak irauten duen bitartean. Modu horretan, gehien atsegin duten argazkiaren edo testuaren aldeko boza emateko aukera izango dute herritarrek, eta boto gehien jasotzen duten lanen egileei sari bana emango die Uztarriak.

Irudhitzen, urtez urte

I. Irudhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Maialen Etxaniz. Testuen ataleko irabazlea: Izaskun Egiguren.

II. Iruhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Alberto Beloki. Testuen ataleko irabazlea: Irati Aranguren. 

III. Irudhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Juan Joxe Agirre. Testuen ataleko irabazlea Maialen Etxaniz.