Peñagarikanok eta Aizperrok hitzartu dute apustua

Kepa Peñagarikano eta Josean Olaskoaga 'Aizperro' gaur apustua hitzartuta, Azpeitiko Mendizabal jatetxean.

Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarrak eta Josean Olaskoaga Aizperro arraunlari ohi oriotarrak apustua hitzartu dute gaur, ostirala, Azpeitiko Mendizabal tabernan. 2020ko martxoaren 14-15eko asteburuan jokatuko dute, baina oraindik ez dute zehaztu tokia. Harri jasotzen, aizkoran eta lasterka jokatuko dute desafioa, bakoitzak hiruna mila euro jarriz jokoan.

Gaur arratsaldean elkartu dira Kepa Peñagarikano eta Josean Olaskoaga Aizperro Azpeitiko Mendizabal tabernan, bien arteko apustua hitzartzeko. Ordu eta laurden behar izan dituzte akordiora iristeko, tirabirak tarteko. Lehen eztabaida 100 kiloko bola zenbat aldiz altxatu izan dute; Peñagarikanok 45 altxaldi egitea proposatzen zuen; Aizperrok, baina, 25 altxaldi. Azkenean, 35 altxalditan itxi dute akordioa. Aizkorako lanean sei kana-erdiko moztu beharko dituzte; Peñagarikanok, ordea, hasieran bost kana-erdiko izatea proposatu du. Gero, lasterkako probaren inguruan izan dute eztabaida: azpeitiarrak 4 kilometroko proba izatea nahi zuen, eta, aldiz, oriotarrak 5 kilometrokoa. Azkenean, erdi bitartekoa erabaki dute: 4,5 kilometro lasterka egitea. Ondorioz, desafioan egin beharreko lana honakoa izango dute: 100 kiloko bolari 35 altxaldi egitea, aizkoran kana-erdiko sei enbor moztea eta 4,5 kilometro korrika egitea.

Egurrak nork eramango dituen zozketa bidez erabaki dute, eta Aizperrok lau egur eramango ditu eta Peñagarikanok gainontzeko biak.

Datorren urteko martxoaren 14-15eko asteburuan jokatuko dute desafioa, baina ez dute lekua erabaki. Jokatuko duten diruaren gainean ere akordioa erdietsi dute bi kirolariek; bakoitzak hiruna mila euro jarriko ditu. Gaur bertan jarri dituzte milana euro. Gainontzekoa, apustuaren eguna baino bi egun lehenago jarri beharko dute biek. Proba bukatutakoan, berriz, dopin proba egin beharko dute biek ala biek.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide