1945-1975 artean Azpeitian jazotako eskubide urraketak eta errepresioa, liburuan jasota

Uztarria.eus 2019ko aza. 21a, 18:04

Herriratu dute Aranzadi zientzia elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarrekin egindako Azpeitia 1945-1975. Giza eskubideak eta errepresioa diktadorea hil artean liburua. Lan hori burututa, 1936ko gerratik gaur egunera arteko denbora tarte guztietako giza eskubide urraketen inguruko azterketak eginda ditu udalak. Atzo, azaroaren 20an, aurkeztu zuten herritarren aurrean memoria historikoari ekarpena egiteko ondutako azken lana, ekitaldi xume eta hunkigarrian. Egun berezia aukeratu zuten hitzordurako, atzo 44 urte bete baitziren Francisco Franco diktadorea hil zela.

Jendez goraino bete zen udaletxeko bosgarren solairuko aretoa liburuaren aurkezpenerako. Ekitaldian izan ziren liburuaren egile Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialaria, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Azpeitiko EH Bilduko nahiz EAJko udal ordezkariak, Eneko Etxeberria alkate ohia, Joseba Tapia musikaria eta frankismoaren ondorioak beren azalean nahiz gertuko senideengan ezagutu zituzten hiru herritar: Jose Mari Iriondo Loiolako Herri Irratiaren sortzailea, Maria Jesus Arregi Andoni Albizuriren alarguna eta Mertxe Urtuzaga Angel Otaegiren lehengusua.

Ihintza Elustondo kazetariak ireki zuen ekitaldia, udalak memoria historikoa berreskuratzeko azken urteotan egindako lana gogoratuz: "Udala eta Aranzadi zientzia elkarteak sei bat urte daramatzate Azpeitiko oroimen historikoa eta historia hurbila ikertzen eta herritarren artean ezagutarazten. Gaur aurkezten ari garen liburua Azpeitiko historia eta giza eskubide urraketak biltzen dituen laugarren lan mardula da. Aurrena, 1936-1945 arteko urteetan oinarritutako liburua egin zuen udalak. Haren ostean, Euskal miliziak Loiolan elkartu eta ondorengo Eusko Gudarostearen inguruko liburua kaleratu zuen. Iaz aurkeztu zen hirugarrena, 1960-2017 arteko giza eskubide urraketen ingurukoa". Kaleratu dituzten lau liburuak egiterako garaian ikerketek izan duten garrantzia azpimarratu zuten.

Jarraitzeko konpromisoa

Udala eta Aranzadi "historiari izen abizenak jartzen" aritu dira azken urteotan, eta, orain, gertaeren inguruko justizia eta erreparazioa dituzte helburu. Nagore Alkortak hartu du erronka horiei eusteko konpromisoa. Hark hartu zuen hitza Elustondoren atzetik. Alkortak gogoan izan zituen frankismoaren garaian errepresioa jasan zuten herritarrak: "Zaila da garai horri dagozkion izen-abizen guztiak zerrendatzea, garai hartako giza eskubide urraketetako asko orokorrak izan baitziren. Gure herrian asko izan ziren euskaraz hitz egin edo are gehiago, euskaraz irakasteko ikastolak sortu zituztenak. Euskara eta euskal kultura mantentzeko Loiolako Herri Irratiari eutsi ziotenak eta erregimenaren ustez zilegi ez ziren elkartzeetan atxilotutakoak eta zigortutakoak ere izan ziren herrian. Askok ahaztu gabe eta ahaztu ezinda izango dituzte oraindik Azpeitiko Kuartel Zaharreko bizipenak. Eta ez ditut ahaztu nahi frankismo garaian heriotza zigorrera kondenatu zituzten hamar azpeitiarrak".

Eneko Etxeberriak hitz egin zuen Alkortaren atzetik, eta hark azpimarratu zuen liburuan agertzen diren gauza asko ezagutzea "ezinbestekoa» dela gaur egungo zenbait gertaera ulertzeko". Ondoren, Jose Mari Iriondok, Maria Jesus Arregik eta Mertxe Urtuzagak hartu zuten hitza, beren azaletan ezagututako bizipen gogorrak herritarrekin elkarbanatzeko eta egia nahiz justizia aldarrikatzeko.

Javi Buces historialariak azaldu zituen liburuaren xehetasunak: "Liburua bi atal nagusitan banatzen da. Lehena, 1945etik 1959ra artekoa da. Diktadura bakea ezartzeaz harro zebilen. Oposizioa exilioan edo lurpean zegoen, eta Euskal Herrian hilketak eta kartzela ziren nagusi, ideario nazional-katolikoa indarkeria bidez jazarri zuten agintari frankistek, bai arlo publikoan eta bai pribatuan. Liburuaren bigarren atala 1960tik Franco hil artekoa da. Gerra bizi ez zuen belaunaldi berri bate,  erresistentzia antifrankistak, oposizioa berpiztu zuen. Azpeitiarrak euskal kultura, euskara eta askatasuna berreskuratzeko lerroan egon ziren. Diktadurak errepresioarekin erantzun zien jarrera horiei". Bucesek Azpeitiko Udalak memoria historikoa herriratzeko egin duen lana nabarmendu zuen, eta eskerrak eman zizkion erakundeari.

Egindako lanaz jabetuta eta aurrera begirako eginbeharrak gogoan hartuta amaitu zuten ekitaldia: "Esan dezakegu Azpeitian egia, justizia eta erreparaziorako oinarriak jarrita daudela. Hala ere, oraindik bada zer egina bide horretan".

Hona hemen ekitaldiaren  laburpen bideoa eta argazki bilduma: