Hazparneko Ttattola gaztetxeak ateak itxiko ditu urtarrilaren 31n

Uztarria.eus 2019ko aza. 21a, 17:29
Ttattolaren 15. urteurreneko ospakizuneko afaria. (Ttattola gaztetxea)

Jabeak lokala berreskuratu nahi duela jakinarazi die gaztetxeko kideei eta horiek 18 urteko ibilbidea bukatutzat ematea erabaki dute. Hala ere, itxi aurretik hainbat ekitaldi prestatu dituztela jakinarazi dute Azpeitiarekin senidetuta dagoen Lapurdiko herriko gazte asanbladakoek.

2005ean, Azpeitian gaztetxe berria irekitzear zela, Azpeitiko gazteak eta Hazparnen ordurako martxan zen Ttattola gaztetxekoak elkartu zituen Uztarriak, aldizkarirako erreportaje honetan, senidetutako bi herrien gazte mugimenduen errealitatearen berri emanez. Orain, Azpeitiko Gaztetxeak 14 urte bete dituen urtean, ateak ixtear dela jakinarazi dute Ttattolako kideek. Hain zuzen ere, datorren urtarrilaren 31n bukatuko du Hazparneko gaztetxeak 18 urtez luzatu den ibilbidea.

Ttattola hil da, aupa Ttattola! goiburuarekin idatzia plazaratu zuten joan den astean Beti Erne elkartekoek, gaztetxearen sortzaileek, agurraren berri emateko. Ttattola ireki zituenean 18 urte zituztela eta Ttattolak 18 urterekin esango duela agur aipatzen dute idatzian. Urteotan bizitakoaren oroitzapenak gogora ekarri eta gaztetxearen ibilbidean parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete agurreko mezuan: "Milesker Ttattola sortu eta biziarazi duzuen guziei. Bere paretak hitz goxoz eta kolorez margotu dituzuen artistei. Bere eszena izerdiz ala ingurua pixez busti duzuen ameslariei. Bere lurreko errauts bakoitza milikatu duzuen mozkorrei. Pailazo, hizlari, musikari, antzerkilari, bazkide, langile, militante, euskaldun eta beste herrialdeetako guziei". "2020ko urtarrilaren 31n, Ttattolaren bihotza geldituko da", diote testuaren hasieran; eta "18 urte. Ez da herio bat, nerabezaroa baizik. Aldaketen urtaroa..." esanez bukatu dute mezua.

Itxieraren arrazoiak ez dituzte zehaztu idatzi horretan, baina Ttattola dagoen eraikinaren jabeak lokala berreskuratu nahi duela azaldu dute Kazeta.eus atarian.

Ateak betirako itxi aurretik "Ttattola nehoiz baino gehiago biziko" dela ere aurreratu dute Lapurdiko herriko gazteek. Izan ere, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Ttattolari agur esan aurreko asteetarako. Hil honen 29an, esaterako, kontzertu sorta iragarri dute, Laparretan, Tristtan Mourguy, Horeba, Antton Larrandaburu & Bitxiloreak eta Entrexatakekin.