Urtzi Lopetegik eta Iker Epeldek ez dute lortu Gipuzkoako Gomazko Paleta Txapelketaren finalerako txartelik

Uztarria.eus 2019ko aza. 20a, 16:28
Urtzi Lopetegik jokatutako partida bateko irudia.

Lehian oso txukun aritu badira ere, finalerdietan txapelketatik kanpo gelditu dira Azkoitia ordezkatu duten bi palistak. Lopetegik eta Epeldek lehen mailan jokatu dute txapelketa, baina ez dira horiek izan Gipuzkoako Txapelketan aritu diren pilotari azpeitiar bakarrak; Asier Egiguren bigarren mailan aritu da, eta Eneko Martija hirugarren mailan, ordezko moduan.

Azken bi asteburuetan Gipuzkoako Gomazko Paleta Txapelketako lehen mailako finalerdiak jokatu dituzte Urtzi Lopetegi azpeitiarrak eta Iker Epelde azkoitiarrak, eta lehian oso txukun aritu badira ere, horiek ez dute lortu txapelketaren finalerako txartelik. Real Sociedad taldearen aurka neurtu zituzten indarrak finalaren aurreko fasean: joaneko partida Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu zuten, eta 12 eta 25 galdu zuten neurketa; itzulerako neurketa, berriz, Donostiako Altza pilotalekuan jokatu zuten, eta hura ere galdu egin zuten, 25 eta 17.

Lopetegik eta Epeldek ez ezik, Azpeitiko eta Azkoitiko beste pilotari batzuek ere parte hartu dute txapelketan. Jokin Aizpuru eta Igor Juaristi azkoitiarrak eta Asier Egiguren azpeitiarra bigarren mailan aritu dira lehian txandakatuz, eta lehen fasea gainditu bazuten ere, bigarren fasean txapelketatik kanpo gelditu ziren, Loiolatarra taldearen kontrako norgehiagoka 19 eta 25 galduta. Bestalde, Igor Larrañaga, Markos Azpiroz eta Aratz Zabaleta azkoitiarrek hirugarren mailan jokatu dute txandaka txapelketa –ordezko gisa aritu da Eneko Martija azpeitiarra–, eta horiek ez zuten lortu bigarren fasera sailkatzerik.