150 bikotetik gora, aniztasunaren Kros Mistoan

Uztarria.eus 2019ko aza. 16a, 19:22

Orain arteko Kros Mistoaren oinarriak goitik behera aldatuta egin dute ekitaldi horren hamargarren edizioa gaur arratsaldean. Hain zuzen ere, herri hezitzailearen filosofiarekin bat eginda, era askotako bikoteak animatu dira krosean parte hartzera: gurasoak seme-alabekin, lagunak, anai-arrebak, ikastetxeko kideak, aniztasun funtzionala duten herritarrak... Modu horretan, gizonez eta emakumez osatutako bikoteak ez ezik, gainerako bikote eredu guztiak ikusi ahal izan dira gaur herriko kaleetan barrena. Arrakastatsua izan da eraberritutako Kros Mistoaren lehen edizioa: izan ere, 150 bikote baino gehiagok parte hartu dute bertan.

Lehiakortasunetik kooperaziora jauzi egiteko, kronometroa eta inskripzioa kendu eta zozketa bidez banatu dituzte sariak. Beraz, gaurkoan ez da irabazlerik izan; herritar guztiak izan dira garaile. Era berean, guztiek ibilbide bera egin beharrean, bakoitzak bere gaitasunaren araberako ibilbidea aukeratu du: 1,1 kilometroko zirkuitua prestatu dute, eta bikote bakoitzak nahi adina ¡tzuli eman dizkio hari; gehienez, sei itzuli eman dizkiote. Beraz, "oso berezia" izan da gaurko ekitaldia, antolatzaileek aurreratu zuten moduan.

17:00etan hasi da Kros Mistoa, baina horren aurretik, Marea Urdinak antolatutako sentsibilizazio jolasak egin dituzte Azoka Plazan. Berez, plazan egitekoak ziren jolas horiek, baina euria dela eta, lekuz aldatu dituzte. 16:00etatik 17:00etara bitartean izan dira jolasak, eta honako ekintzak egin dituzte: gurpildun aulkiarekin slaloma; esku bakarrarekin Nocilla ogitarteko bat prestatzea; keinuen hizkuntzan Telefono jolasa; muletekin oskol bilketa; hanka batekin edo ahoarekin marraztea; eta, itsututa formen kaxan piezak sartzea. Jende ugari elkartu da Azoka Plazan.