Espainiako Kimika Elkartearen saria jaso du Iñaki Bastida kimikariak

Iñaki Bastida (Azpeitia, 1991) kimikariak RESQ Epainiako Kimikako Errege Akademiaren eta Elsevier zientzia eta osasun alorreko informazioan espezializatutako enpresaren sari bat jaso du, Valentzian (Herrialde Katalanak) egindako Kimika Ikerlari Gazteen XVI. Sinposioan. Hain zuzen ere, biozientzien Biogune zentroko ikerlariak hirugarren saria eskuratu du, Piridina aminen sintesi estereoselektiboa, datu base bidez lagundua ikerketa proiektua tarteko.

Epaimahaiak lanek berrikuntza zientifikoari egiten dioten ekarpena eta haien originaltasuna hartu ditu kontuan sariak ematerakoan, baita lanaren zehaztasuna ere. Bastidak Uztarria.eus-i azaldu dionez, ez zuen saria jasotzerik espero, baina "oso gustura" dagoela aitortu du.

2017ko abenduko Uztarria aldizkarian Bastidari egindako elkarrizketa irakur daiteke, tesiaren zati bat egiten AEBetan izan baitzen hura.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide