Baionako emakumearen hilketa eta Senpereko sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du Basanderiekek

Uztarria.eus 2019ko aza. 6a, 11:21

Bihar izango da kontzentrazioa, plazan, 19:00etan, eta Basanderiekeko kideek herritarrei protestarekin bat egiteko deia egin diete. Emakumeon* aurkako indarkeriarekin amaitu lelopean egingo dute mobilizazioa. Azpeitiko Udalak ere bat egin du deialdiarekin, eta herritarrei plazara joateko deia egin die erakundeak.

Basanderiek asanblada feministak Baionako hilketa salatzeko eta Senperen jazotako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du biharko, osteguna. Plazan izango da kontzentrazioa Emakumeon* aurkako indarkeriarekin amaitu lelopean, 19:00etan, eta Basanderiekeko kideek herritarrei protestarekin bat egiteko deia egin diete.

Baionan gizon bat atxilotu eta espetxeratu dute, bere emaztea hil duelakoan. Larunbatean deitu zion hark Poliziari, emaztea etxean hilda aurkitu zuela eta. Ostegunean eramango dute 52 urteko gizona epailearen aurrera. Senperen (Lapurdi), berriz, beste gizon bat atxilotu du Frantziako Poliziak 19 urteko neska bati sexu erasoa egiteagatik. Atxilotutako gizonak 47 urte ditu, eta atxilotu ostean, neskari eraso egin ziola aitortu du. Berria.eus-en irakur daiteke albiste osoa.

Udalak bat egin du

Azpeitiko Udalak "gogor" salatu du Euskal Herrian izandako azken hilketa matxista, eta hildako emakumearen senideei nahiz gertukoei elkartasuna adirazteaz gain, herritarrak erasook salatzeko antolatutako egitasmoekin bat egitera animatu ditu. Hain zuzen ere, Basanderiekek biharko deitu duen elkarretaratzera joateko deia egin die herritarrei.

Udalak azaldu duenez, indarkeria matxista "arazo benetan larria" da gizartean, eta erakundeak giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen berretsi du, "ez azpeitian, ez beste inon". Urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea "herritarren ardura" ere badela gogorarazi du erakundeak.

Horrez gain, erasoren batez jabetuz gero Udaltzaingora, Ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara deitzea herritarren "ezinbesteko" betebeharra dela ere azpimarratu du. "Denon ardura eta betebeharra da indarkeriari aurre egitea". Gainera, egunerokoan ikastetxeetan udalak bultzatzen dituen hezkidetza programen bidez-eta pertsonen arteko berdintasuna landuta indarkeriaren kontra lanean segituko duela adierazi du erakundeak. Erasoen aurrean Udaltzaingora (943-15 13 13), Ertzaintzara (943-08 37 80) eta Larrialdi Zerbitzuetara (112) deitu daitekeela ere gogorarazi du udalak.