Nerabeen aisia, Herri Hezitzailearen datozen hilabeteetarako erronka

Uztarria.eus 2019ko urr. 28a, 19:10
Azpeitiko Herri Hezitzailearen talde eragileko kideek Gaztelekuaren atarian aurkeztu dute egitasmo berria.

Herriko DBHko ikasle guztiekin egingo duten prozesu parte-hartzailea aurkeztu dute. Galdetegi bat beteko dute 12 eta 16 urte arteko ikasle guztiek, ikasgeletan saioak egingo dituzte ondoren, eta urtarrilean emaitzak aurkezteko eta beharrei nola erantzun adosteko topaketa egingo dute ikasleekin.

Azpeitia Herri Hezitzailea hezkuntza proiektuaren barruan urrats berria egingo dute berehala. Iaz plazaratutako diagnostikoan azaleratutako gaiak eta lehentasunak oinarri hartuta, ikasturte berriarekin batera pauso praktikoak ematen hasi eta zenbait egitasmo martxan jarriko zituztela aurreratu zuten udako oporren aurretik proiektuan bat eginda ari diren ikastetxeek, udalak eta herrigintzako eragileek, herrian "baloreen hezkuntzan sakontzen" jarraitzeko helburu nagusiarekin, beti ere.

Agindutakoari jarraituz, joan den irailean Eskola kirola Herri Hezitzailearen ikuspuntutik jardunaldia egin zuten. Orain, berriz, herriko nerabeak eta horien aisialdia ardatz izango dituen ikasturteko bigarren egitasmoa aurkeztu du Herri Hezitzailearen talde eragileak.

Oihana Sudupe talde eragileko kideak azaldu duenez, 12 eta 16 urte arteko gaztetxoengan jarriko dute arreta. Horien "aisialdi eredua zein den ikusi eta zer behar dituzten identifikatu" nahi dute, nerabeak beraiek erdigunean jarrita.

Prozesu parte-hartzailea

Horretarako, prozesu parte-hartzaile bat jarri dute martxan. Prozesu horren lehen atala herriko ikastetxeetako DBHko lau mailetako ikasle guztiei helaraziko zaien galdetegia da. Aisialdian zer egiten duten galdetuko diete Azpeitiko nerabeei: "Zertan pasatzen duten denbora, zenbat denbora eskaintzen dieten teknologia berriei, kalean ibiltzen al diren edo ez, gazte lokaletan ibiltzen al diren edo ez... Beren errealitatea zein den ezagutu nahi dugu". Sudupek nabarmendu du galdetegiaren "lehen zirriborroa" talde eragilean osatu ondoren, "gazteekin kontrastatuta" osatu dutela galdetegia bera.

Jasotako erantzunekin lortuko duten "aurrediagnostikoa" eskuetan dutela, DBH 2 eta DBH 4ko ikasgeletan saioak egitea izango da hurrengo urratsa, "galdetegiaren emaitzetan gehiago sakontzeko eta beste ondorio batzuk ateratzeko".
Prozesuaren lehen bi urratsak abendurako amaituta egotea aurreikusi dute. Urtarrilean etorriko da hirugarren urratsa egiteko sasoia. DBH 2 eta 4ko ikasle guztiekin goiz bateko topaketa egingo dute urte hasieran, prozesuaren aurreko bi ataletatik ateratzen dena beraiei erakusteko, batetik, eta identifikatzen diren beharrei erantzuteko zer eta nola egin gazteekin beraiekin adosteko, bestetik.

Gaztelekua erreferentzi

Gaztelekuko hezitzaileek gidatuko dituzte ikasgeletako saioak eta hori azpimarratu nahi du Leire Goenaga zinegotziak: "Batzuek ez dituzte ezagutuko, baina gazte askorentzat pertsona ezagunak dira". Era berean, prozesua martxan jarri aurretik "ikasle batzuekin harremanetan" jarri direla nabarmendu du Anne Unanue talde eragileko kideak, eta ikasle "aliatu" horiek ere bidelagun izango dituzte geletan, "ezin dugulako ikasleen aisialdia aztertu beraiekin kontatu gabe".

Izarraitz pilotalekuko Gaztelekuaren erreferentzialtasuna indartzeko abagunea ere izan daiteke nerabeekin egingo den parte-hartze prozesua. Hala uste du Alex Altolagirre hezitzaileak: "Prozezuari jarraipena ematen bazaio, aurrera begira Gaztelekua izan daiteke nerabeek beren beharrak azalarazteko gunea, beren eskaerak kontuan hartuko diren tokia". Udalak, bere aldetik, prozesuan agertzen diren beharrei "heltzeko konpromisoa" hartuko duela adierazi du Goenagak.