Loiolako Sagardo Eguna izango da datorren zapatuan

Uztarria.eus 2019ko aza. 4a, 09:38
2017ko Loiolako Sagardo Eguneko irudia.

Loiolako Basilikaren aurrean izango da sagardo dastaketa, 13:00etatik aurrera. Loiola auzoko 11 baserritako ekoizpenak probatu ahal izango dituzte herritarrek. Gainera, mokaduak egiteko aukera ere izango dute horiek.

Loiolako auzotarrek eusten diote sagardoa egiteko afizioari. Horrez erakusle da Sagardo Egunaren bigarren edizioa antolatu izana eta dastaketan parte hartzera dozena inguru ekoizle animatu izana. Duela bi urteko edizioaren arrakasta ikusita, azaroaren 9rako, larunbata, antolatu dute Loiolako Sagardo Eguna. 13:00etan hasiko da festa.

Loiolako hainbat baserritako sagardoa dastatu ahal izango da egun horretan Basilikaren aurreko zabalgunean; izan ere, Geltokikoek, Etxearretakoak, Iturbidekoek, Iturgainekoek, Agitekoek, Agite Berrikoek, Askiolakoek, Askiola Berrikoek, Azkunekoek eta Mendibilgoek eramango dute aurtengo sagardoa dastaketara.

Edalontzia 3,5 euro ordaindu beharko da, eta trukean nahi adina sagardo edan ahal izango dute herritarrek. Gainera, txorizo egosi pintxoa ere dastatu ahal izango dute edalontzia erosten dutenek. Horrez gain, Izarraitz auzoan kokatuta dagoen Berastegi baserrikoek beraiek ekoiztutako gaztaren pintxoak ere jarriko dituzte salgai.

Sagardo Egunaren antolatzaileek azaldu dutenez, festa girorik ez da faltako azaroaren 9an Loiolan. Giroa alaitzeko musika jarriko dute, eta gainera, kantu-jirako kideak bertan izango dira.

Duela ni urte egin zuten Loiolako Sagardo Egunaren lehen edizioa, eta antolatzaileak "oso pozik" agertu ziren, jende ugari joan zelako auzora.