Urola Kostako odol emaileek aitortza jaso dute Loiolan

Uztarria.eus 2019ko urr. 27a, 16:06

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Urola Kostako odol emaileak omendu ditu gaur, igandea, Loiolan egin duten ekitaldian. Aurtengoan, Azpeitiko, Azkoitiko, Aizarnazabalgo, Itziarko, Errezilgo, Getariako, Zestoako, Zumaiako eta Zarauzko 139 odol emailek jaso dute aitortza, eta oroigarriak eskuratu dituzte horiek guztiek. 25 ateraldi egiteagatik zilarrezko domina banatu diete 61 laguni, eta beste 39 lagunek 40 eta 50 ateraldi artean egin dituzte eta, urrezko domina jaso dute. 60-75 odol-emate egin dituzten 24 lagunek nahiz 80 odol ateraldi egin dituzten hamar lagunek, berriz, Emaile Bikainaren Saria jaso dute, eta ehun ateraldi egin dituzten bost lagunek beste oroigarri bana jaso dute.

Azpeitiko 34 odol emaile omendu dituzte: 25 ateraldi egin dituzten hamabost, 40 ateraldi egin dituzten lau emakume, 50 ateraldi egin dituzten zortzi gizon, 75 ateraldi egin dituzten hiru gizon, ehun ateraldi egin dituen gizon bat eta 80 ateraldi egin dituzten bi emakume.

Gipuzkoako elkarteak eskerrak eman dizkiete odol emaile guztiei, eta gogoratu dute horien ekintza "ezinbestekoa" dela. "Odol emailerik gabe, ospitaleek ezingo lukete funtzionatu", azpimarratu dute. Era berean, Carlos Peña igerilariari esker bereziak eman dizkio elkarteak. Izan ere, tolosarrak 24 orduz igeri egin zuen joan zen hilaren 13an Zumaiako uretan, eta orduan egindako balentria gogoratu dute gaurko ekitaldian. Izan ere, hark odol-emaileen lana azpimarratzeko helburuz egin zuen igeriketa saioa.

Herrika banatuta argazkiak atera dituzte omenduek, eta domina banaketa baino lehen, meza egin dute basilikan. Egitasmoa borobiltzeko bazkaritarako elkartu dira Kiruri jatetxean.

Hona hemen, eguerdiko ekitaldiko irudi batzuk: