Jokin Urangak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalerdietarako txartela lortu du

Eibarko Coliseo antzokian jokatu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenen azken hirugarren saioa, eta Jon Maia izan zen garaile. Beraz, zumaiarrak zuzenean eskuratu zuen finalerdietarako txartela. Jokin Urangak, berriz, bigarren postua eskuratu zuen, eta, final-laurdenen fasea amaitzeko bi saioren faltan, azpeitiarra matematikoki sailkatu da finalerdietara. Gaur, final-laurdenetako laugarren saioa jokatuko dute Soreasu antzokian.  

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenen saioa jokatu zuten atzo, larunbata, Eibarko Coliseo antzokian, eta han abestu zuen Jokin Uranga azpeitiarrak. Jon Maiak irabazi zuen saioa, 475 puntu eskuratuta, eta beraz, hurrengo faserako txartela zuzenean eskuratu zuen zumaiarrak. Finalerdien fasearen atarian, azpeitiarrak ere ziurtatu du fase horretan lehiatuko dela; izan ere, atzoko saioan bigarren egin zuen Urangak, 467,5 punturekin, eta hark matematikoki lortu du finalerdietara sailkatzea.

Guztira, bost saio egingo dituzte final-laurdenetan, eta horien irabazten dituztenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietara, eta horiek ez ezik, puntuaziorik altuenak dituzten hamahiru bertsolari ere igaroko dira fase horretara; hain zuzen ere, lehia horretan puntu gehien dituen bertsolaria da Uranga gaur-gaurkoz. Bi saio geratzen dira final-laurdenen fasea amaitzeko, eta azpeitiar bertsolariak dagoeneko ziurtatu du bere lekua finalaurdenean. Uranga ez ezik, bada beste bertsolari azpeitiarrik Gipuzkoako txapelaren lehian; Beñat Lizaso. Hura datorren fasera igaroko den, ordea, airean dago oraindik. Joan zen hilaren 20an jokatu zuen  final-laurdena Irunen, eta bigarren sailkatu zen azpeitiarra. 455,50 puntu ditu hark, eta zuzenean sailkatu ez direnen artean, sailkapenaren seigarren postuan da oraingoz. 

Gaur, berriz, final-laurdenetako laugarren eta azken bigarren saioa izango da Soreasu antzokian, 17:00etatik aurrera –sarrerak salgai daude Interneten–. Saio horretan honako bertsolari hauek abestuko dute: Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzizidor, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Azkoitiko Baztartxo antzokian jokatuko dute azken final-laurdenekoa, hilaren 2an.

 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide