Uztarria aldizkariko erreportaje bat, Tokikom Sarietako finalista

Uztarria.eus 2019ko urr. 24a, 19:54
'Heriotza parez pare' erreportajean parte hartu zuten herritarrak.

Uztarria aldizkariaren 2019ko otsaileko zenbakian kaleratutako Heriotza parez pare erreportajea eduki onenaren saria lortzeko hautagaietako bat da. Death Cafe saioetan oinarrituta egin zuten erreportajea Ihintza Elustondo eta Julene Frantzesena kazetariek. Azaroaren 15ean jakinaraziko ditu Tokikom toki komunikabideen bateraguneak zeintzuk diren aurtengo sarituak, Basaurin egingo duen ekitaldian.

Tokikom toki komunikabideen bateraguneak datorren azaroaren 15ean, ostiralez, banatuko ditu IV. Tokikom Sariak, eta sari horietarako hautagaien artean da Uztarria Komunikazio Taldea. Hain zuzen ere, edizio honetako epaimahaiak –Edorta Arana, Amaia Pavon eta Maria Gonzalez– hala erabakita, Uztarria aldizkariaren 2019ko otsaileko zenbakian kaleratutako Heriotza parez pare erreportajea eduki onenaren saria lortzeko finalistetako bat da. Death Cafe saioetan oinarrituta egin zuten erreportajea Ihintza Elustondo eta Julene Frantzesena kazetariek, eta tertulien sustatzaile Manex Beristain, Iñaki Arregi Izan, Leire Urbieta eta Saioa Garmendia dira erreportajearen protagonistak. Honako lotura honetan irakur daiteke Heriotza parez pare erreportajea.

Uztarriarekin batera, eduki onenaren sarirako hautagai dira Sakanako Guaixe aldizkariaren 1918ko do­lu egunak eta Hernaniko Kronikaren Urik gabeko ur­tegi, orain laborategi lanak. Eduki onenaren sariaz gain, beste bi ere banatuko ditu Tokikomek: aza­lik onenarena eta ikus-entzu­nezkorik onenarena. Hilaren 15eko sari banaketa ekitaldian jakinaraziko dituzte zeintzuk siren saritutako lanak. Ekitaldia Basaurin (Bizkaia) izango da. Tokikom sarien helburu nagusiak bi dira: euskarazko toki komunikabideen lana ezagutaraztea eta lan horren balioa publikoki aitortzea.