Asier Etxaniz: "Txikitan sekulako beldurra nion zezenari"

Uztarria.eus 2019ko urr. 23a, 14:22
Asier Etxaniz, Azpeitiko zezen plazan. (Ihintza Elustondo)

Banderillero gisa hainbat plaza eginda, lehen mailara jauzi egin du Asier Etxanizek. Hemendik aurrera, edozein zezen toreatu ahal izango du. Ihintza Elustondo kazetariak elkarrizketatu du azpeitiarra, 2019ko urriko Uztarria aldizkarian.

Etxetik datorkio zezenzaletasuna Asier Etxanizi. Txikitatik izan da jarraitzailea, eta 2013an pausoa ematea erabaki zuen: ikusle izatetik zezenaren aurrean jartzera igaro zen. Banderillero aritzen da ordutik.

Zer da banderillero baten zeregina?

Toreatzaile batek laguntzaile batzuk behar ditu bere lana egiteko, eta laguntzaile horietako bat da banderilleroa. Toreatzailearentzat lan egitea da gure zeregina, bai zezen plazaren barruan, bai kanpoan. Zaindu egiten dugu toreatzailea. Toreatzaile bakoitzak banderilleroak, pikadoreak, ezpata mutilak, apoderatuak... izaten ditu ondoan. 9-10 pertsonak osatzen dute kuadrilla.

Noiz hasi zinen lan horretan?

Profesionalki 2013an. Baina lehenagotik toreatzen nituen behiak, anaiarekin [Igor] batera. Burtzikaria izan zen anaia, eta baten bat behar izaten zuen laguntzeko; horrela hasi nintzen mundu horretan murgiltzen. Baina afizioa beti eduki dugu familian; ez agian toreatzeko afizioa, baina bai zezenak ikustera joatekoa. Anaia eta ni izan gara toreatzera animatu garenak.

Aukera ezberdinen artean, zuk banderillero izatea hautatu zenuen.

Bai. Denek esaten didate zergatik ez nuen probatu toreatzaile izatea. Iruditzen zait hori hain zaila dela... Zezenen munduan dena da oso zaila, baina bide pixka bat errazagoa hartu nuen nik. Toreatzen hasten direnek 12-14 urte izaten dituzte, eta ni 26 urterekin hasi nintzen. Lehenagotik oinarri bat banuen, neure etxean aritzen nintzelako, baina berandu hasi nintzen, eta adin horrekin ia ezinezkoa ikusten nuen toreatzaile izatea. Gauzatzea posible izan zitekeen bide bakarrenetakoa banderillero izatea zela iruditzen zitzaidan. Toreatzaile izanda, uste dut oso zaila dela nik iritsi nahi dudan mailara iristea, eta banderillero izanda, berriz, posible izan daitekeela.

Zergatik hasi zinen hain berandu?

Uste dut nire anaiaren kontuagatik ere atzeratu zela nire hasiera. Hainbeste lan, hainbeste dedikazio familia osoak... Ikusten duzu zer zaila den, zenbat arazo eta gauza txar dauden mundu horretan. Gogoratzen naiz anaia burtzikari zenean ia-ia beldur gehiago pasatzen nuela nik orain pasatzen dudana baino. Hark utzi zuenean, denok sekulako lasaitua hartu genuen. Baina denbora pasatu ahala, ikusi dut zerbait falta nuela. Lana daukat, bikotekidea ere bai, etxea... Dena daukat, baina ikusten nuen zerbait egin beharra nuela. Kostatu zitzaidan erabakia hartzea, baina pausoa eman eta banderillero hastea erabaki nuen. Jakitera, lehenago hasiko nintzen.

Banderillero aritzea ez da zure lanbidea, ezta?

Banderillero izatea ofizio bat da: Gizarte Segurantza dugu, soldata... Dena legearen barruan egiten da. Jende asko bizi da hortik, baina beste batzuei ez digu ematen, momentuz, hortik bizitzeko.

Beti ez dituzue plazak ziurtatuta izango...

Ez. Denboraldia hasten da, eta ez dakizu zer izango den. Toreatzaile onenekin aritzen diren laguntzaileek ere ez dute ziurtasunik izaten: egun batean zezenak harrapatzen du toreatzailea, eta etxean gelditu behar izaten dute.

Zein da zure une honetako egoera?

Frantzian egiten dut lan gehien; ia-ia dena. Hiru toreatzaile frantziarrek deitzen didate beraiekin aritzeko. Horretaz aparte, kontaktu bidez mugitu behar izaten dut.

Frantzian Espainian baino lan gehiago egiten duzu?

Askok pentsatzen dute zezenzaletasuna Espainiako kontua dela, baina Frantziako hegoalde osoan ere sekulako afizioa dago. Inguru horretan, ganadutegi, toreatzaile banderillero, pikadore nahiz apoderatuen enpresa pila bat daude. Niri, egia esan, Frantzian asko lagundu didate.

Duela gutxi, aurrerapauso garrantzitsu bat eman duzu banderillero munduan.

Zenbaki kontua da. Edozeinek ezin du edozein lekutan toreatu, eta horretarako, araudi bat dago. Hiru maila daude: mailarik baxuenean, 2 urteko zezenak torea ditzakezu; erdiko mailan, 2 eta 4 urte bitartekoak; eta gorengo mailan, 4 eta 6 urte bitartekoak. Ni orain arte erdiko maila horretan egon naiz, baina orain, plaza kopuru batzuk egin ditudalako, goiko mailara igotzea lortu dut. Orain edozein zezen torea dezaket.

Orain, Azpeitian toreatzeko aukera izango duzu, beraz.

Bai. Orain arte ezin nuen, Azpeitikoan 4-6 urteko zezenak izaten direlako. Baina orain edozein eratako zezenketetan parte hartu ahalko dut.

Ilusio berezia egingo al lizuke Azpeitian aritzeak?

Bai, baina presioa ere sentituko nuke. Jende askok esaten dit: "Ea hurrengo urtean Azpeitian aritzen zaren". Nik ez daukat presarik; izan ere, ziur nago iritsiko dela egun hori, beste dena iritsi den bezala.

Nola oroitzen duzu zezen baten aurrean jarri zinen lehen aldia?

11 urte-edo izango nituen. Festa bat egin genuen; bazkalostean, bi txahal txiki atera genituen, eta kapotearekin eta muletarekin aritu nintzen. Horrelaxe jarri nintzen zezenaren aurrean lehen aldiz. Sokamuturra ere asko gustatzen zait, eta jarraitu izan dut. Baina beti beldurra izan diot zezenari; txikitan sekulako beldurra nion. Umea nintzela, sokamuturra ikusten nuen balkoitik, eta gaizki pasatzen nuen.

Nork esango zuen.

Bai, bai, horrela da. Gustatu beti egin izan zait zezena, baina errespetua ematen zidan. Gero, lehen aldiz irten nuen haren aurrera, gustatu egin zitzaidan, eta berriro nahi nuen probatu. Pixkanaka, momentu hori kontrolatzen joaten zara, eta gero eta seguruago sentitzen zara. Konfiantza hartzen duzu.

Zein toreatzailerekin aritzea gustatuko litzaizuke?

Goiko mailan dabilen edozeinekin. Baina gehien gustatuko litzaidakeena da txikitatik laguna dudan nobilleroren bat gora iristea eta biok elkarrekin aritzea.

Aurrera begira, zer helburu dituzu?

Metarik ez diot jartzen neure buruari. Pixkanaka hobetzea nahi dut, eta oso ondo ibiltzea. Gero zorte hobea edo txarragoa izango dut, gehiago edo gutxiago toreatuko dut, baina maila oso ona ematea nahi dut profesional bezala. Pentsatzen dut horrek beste dena ekarriko duela. Helburua da hobetzea eta ahal den gorena iristea.

Hortik bizitzea nahiko zenuke?

Oso polita izango litzateke, baina ziurtasunik ez dizu ematen. Badakit punta-puntan dabiltzanek nik lanean baino gehiago irabazten dutela, baina beti daude hari batetik zintzilik bezala, ziurtasunik gabe. Adibide bat jartzearren: lehengo urtearen bukaeran toreatzaile onenetako batek esan zuen hurrengo urtean ez zuela toreatuko, eta haren laguntzaileak ezer gabe gelditu dira.

Anaiak arazoak izan zituela aipatu duzu lehen. Zer nolako arazoez ari zara?

Entrenatzeko arazo asko izaten dira, diru asko behar duzu behiak toreatzeko, kontaktu oso onak izan behar dira, kilometro asko egin behar dituzu, gauza bat esaten dizute eta gero ez da betetzen... Gauza zail asko daude.

Zein da zure ametsa?

Hortik bizitzea, eta lehen mailan dagoen toreatzaile batekin aritzea, finko, egonkortasunarekin.

Azpeitian zezenzaletasun handia dago, baina aurkakoak ere asko dira. Zuk nola ikusten duzu gaia?

Uste dut kontu honetan eta beste gauza askotan falta dela errespetu pixka bat. Nik ulertzen dut jendeari zezenketak ez gustatzea, niri beste gauza asko gustatzen ez zaizkidan bezala. Eta gustatzen ez zaidan gauzetako bat da kontu honetan politika sartzea. Ez dakit jende askok zezenketen kontra egiten duen edo gaia Espainiarekin lotzen duelako dagoen aurka. Ni oso euskalduna sentitzen naiz, eta izan naiteke alderdi politiko batekoa edo bestekoa, baina zezenak gustatzeagatik bakarrik ez dago esan beharrik espainiarra, fatxa edo Alderdi Popularrekoa naizela. Animalien eskubideen kontuagatik baldin bada, berriz, ondo iruditzen zait kexatu behar den tokian kexatzea, baina zezenketak gustatzen zaizkiona errespetatu egin behar dela uste dut. Toreatzailea naizela esatean, beti irteten du gai honek. Jendeak galdetzen dit: "Ez al dizu penarik ematen zezenak hiltzeak?". Baina gero, agian, jende horrek sagardotegian txuleta jaten du, eta txuleta ez dago bizirik. Bizi bat eduki du, eta baten batek hil du; ez dakit bizi ona edo txarra eduki duen. Ezkutuan egiten dena ez zaigu inporta, ikusten dena ja... Uste dut pertsonok pixka bat bide hori hartzen ari garela: ez dugu ikusi nahi, baina gero denok nahi dugu... Ez dakit nola esan. Errespetua eskatzen dut, beste ezer ez.