Lau azpeitiar lehiatuko dira lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketan

Uztarria.eus 2019ko urr. 22a, 10:31
Maddi Unanuek (ezkerrean) asteburuan ekin dio txapelketari. (Emakume Master Cup)

Guztira, 92 pilotari lehiatuko dira banakako Emakume Master Cup txapelketan, eta horien artean izango dira Oihana Orbegozo, Nagore Aramendi, Oihana Unanue eta Maddi Unanue azpeitiarrak. Orbegozok Lehenengo mailan egingo du debuta.

Inoizko parte hartze handienarekin hasi da lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketa, guztira 92 pilotari lehiatuko baitira abendura bitartean jokatuko dituzten partidetan. Esku-pilotariek pilota mistoarekin eta goxoarekin neurtuko dituzte aurten indarrak, eta pilota goxoarekin honako maila hauetan lehiatuko dira: Lehenengo mailan, Promozio mailan eta Hastapenekoan. Ohi bezala, herriko pilotariak ere arituko dira txapel preziatuaren bila lehian; orotara, lau azpeitiarrek parte hartuko dute txapelketan. Oihana Orbegozok Lehenengo mailan egingo du debuta, azken edizioetan Promozio mailan lehiatu ostean. Nagore Aramendi eta Oihana Unanue, berriz, Promozio mailan lehiatuko dira, eta Maddi Unanuek pilota mistoarekin jokatuko ditu norgehiagokak.

Joan zen asteburuan hasi zuten Emakume Master Cup txapelketa, Bartzelonan eta Amezketan (Gipuzkoa) jokatutako partidekin, eta eskualdeko pilotarietako batzuk izan ziren kantxetan. Maddi Unanuek ez du modu onenean hasi txapelketa, azpeitiarrak 18 eta 8 galdu baitzuen Andrea Capellanen aurkako partida; pilota goxoaren modalitatean, berriz, Oihana Unanuek jokatu zuen kanporaketa faseko lehen neurketa, eta azpeitiarrak ere ez zuen arratsalderik onena izan; izan ere, Andrea Aldaregiak 18 eta 14 hartu zuen mendean. 

Kanporaketa faseko norgehiagokak amaitzean, azaroaren 24an, jokatuko dituzte final-laurdenak, Zamudion (Bizkaia), eta finalerdiak abenduaren 1ean izango dira Galdakaon (Bizkaia). Aurten, finalak ere Bizkaian jokatuko dituzte, Barakaldon, hain zuzen ere —iaz Azkoitian jokatu zituzten—; abenduaren 15ean izango da hitzordu hori.