Adinekoen egoitzetako langileen aldarriek hartu dituzte herriko kaleak

Uztarria.eus 2019ko urr. 17a, 15:04

Gipuzkoako erresidentzietako langileak protestara irten dira gaur, ELA sindikatuak deituta. Zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileak 5.000 pertsonaren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira mobilizatzen azken boladan, eta gaur Azpeitiko kaleak hartu dituzte. Langileek ehun egun baino gehiago daramatzate greban lan hitzarmenaren alde. 2017an ekin zioten negoziazioari, eta gaur egun, oraindik ere, "egoera hankaz gora" dagoela salatu dute.

Gipuzkoako erresidentzietako langileek martxa bat hasi zuten urriaren 7an, gatazkaren konponbidea lurralde osoan zehar eskatzeko. Egun horretan, Zumaian eta Zarautzen ibili ziren protestan, eta gaur, Azkoitian eta Azpeitian egin dituzte mobilizazioak. Azpeitian, San Martin egoitzan elkartu dira langileak, 12:00etan, eta ondoren, herriko kaleetan barrena ibili dira protestan.

Grebalariek emakume izateagatik pairatzen duten soldata arrakala salatu dute martxetan, ELA sindikatuak azaldu duenez. "Argi daukagu zergatik ari den hau gertatzen, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inolako soldatarik jaso gabe, gainera. Gaur egun, gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago jasotzen ditugu urtean, emakume izate soilagatik".