Kataluniari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu du udalak etzirako

Uztarria.eus 2019ko urr. 16a, 18:09
Astelehenean hainbat herritar elkartu zen plazan epaia salatzeko.

Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Kataluniako bederatzi buruzagi independentistari, eta hori salatzeko, elkarretaratzea deitu du Azpeitiko Udalak. Etzi, ostirala, egingo dute protesta, 12:00etan, plazan.

Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxealdira zigortu ditu 2017ko urriaren 1ean Katalunian independentziaren inguruko erreferenduma antolatu zuten buruzagi independentistak. Kartzelaldi guztiak batuta, ia ehun urteko zigorrak jasoko dituzte, eta epai hori salatzeko eta Herrialde Katalanei elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egingo du udalak etzirako, ostirala. 12:00etan elkartuko dira, plazan, eta herritarrak deialdi horrekin bat egitera gonbidatu ditu udalak.

Deialdiarekin batera, honako adierazpen hau helarazi die herritarrei udalak bando bidez:

1. Azpeitiko Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

2. Azpeitiko Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

3. Azpeitiko Udalak nabarmentzen du Kataluniako Procesaren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

4. Azpeitiko Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten diela Espainiako Estatuaren erantzun bortitzak; izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuan erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.

5. Azpeitiko Udalak estatuko botereei eskatzen die espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.

6. Azpeitiko Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei. Kataluniako herriari eta erakundeei eta herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.