Tuba Jaialdiaren antolatzaileak: "Orain arteko ediziorik ikusgarriena izan da aurtengoa"

Uztarria.eus 2019ko urr. 15a, 11:11
Tuba Jaialdiaren X. edizioaren irudia.

Ostiralean hasita, hainbat ekintza egin dute musikari hainbatek, eta egitarau guztia "arazorik gabe" bete ahal izan dutela azaldu dute. "Parte-hartzaileen hitzetan, edizio guztietan ederrena izan da aurtengoa", azaldu dute antolatzaileek. Egitasmoaren sustatzaileek eskerrak eman dizkiete antolakuntza aritu diren lagunei, baita parte-hartzaileei ere.

Tuba Jaialdiaren antolatzaileek bukatu berri den X. edizioaren balorazio positiboa egin dute. Haien arabera, orain arteko ediziorik ikusgarriena izan da aurtengoa: "Parte-hartzaileen hitzetan, edizio guztietan ederrena izan da". Ostiralean hasita, hainbat ekintza egin dute musikari hainbatek, eta egitarau guztia "arazorik gabe" bete ahal izan dutela azaldu dute. Besteak beste, tubaren historiaren erakusketa, tuba polka emanaldia, aire metalezko instrumentuen jardunaldia, Korrontzi tuba band ikuskizuna eta bandaren kontzertua.

Korrontziren emanaldia izan zen jaialdiko une "ikusgarriena" antolatzaileen arabera; izan ere, Korrontzi tuba band emanaldia "itzela" izan zela azpimarratu dute. "Ikusle gutxi gerturatu zen Soreasura, eta horretan eragina izan zuen herrian bestelako ekintzak izateak ere". Dena den, ehundik gora lagun joan ziren Soreasura, eta Tuba Jaialdiaren sustatzaileen arabera, haiek "ondo baino hobeto" pasatu zuten. "Aguraingo, Leitzako eta Azpeitiko dantzariak ere izan ziren agertokian, eta horrek ikusgarritasuna eman zion emanaldiari".

Bestalde, atzo Udal Musika Bandak eta hainbat bakarlarik eskainitako kontzertuan ere jarri dute azpimarra Tuba Jaialdiaren antolatzaileek. Gainera, haiek gogorarazi dute bandak Iñaki Alberdi gabe –joan zen astean hil zen– eskaini duen lehen kontzertua izan zela: "Musika Banddak beste kontzertu ikusgarri bat eskaini zuen, Iker Lizartzarekin, David Muñozekin eta Pablo Fernandezekin".

Tuba Jaialdiaren sustatzaileek eskerrak eman dizkiete egitasmoaren antolakuntza aritu diren lagunei, baita parte-hartzaileei ere. "Tuba Jaialdiak musikaren kultura sustatzen jarraitzen du, publiko berriak sortzen, musikarien komunitatea indartzen, gure musika eskoletako ikasleei esparru berriak eskaintzen, kontserbatorietako ikasleei goi mailako musikariak gerturatzeneta ikusleei duela urte batzuk pentsaezinak ziren emanaldiak eskaintzen". Datorren urtean ere izango da Tuba Jaialdia. Hala diote antolatzaileek: "XI. edizioa izango da, gauza guztien gainetik musika maite baitugu".