5.725 euro bildu dituzte Grand Prix solidarioan Duchenne gaixotasunaren ikerketarako

Uztarria.eus 2019ko urr. 12a, 22:17

XI. Zezen Beltz asteburuaren barruan, Grand Prix solidarioa egin dute gaur arratsaldean Azpeitiko zezen plazan. 1.900 lagun inguru joan da ikuskizuna ikustera, eta sarrerekin bildutako dirua Duchenne Parent Project elkartera bideratu dute; guztira, 5.725 euro bildu dituzte. Azpeitian bada Duchenne gaixotasuna duen haur bat, Iren, eta haren bidez bideratuko dute dirua gaixotasun horren ikerketara. Ikuskizunaren bukaeran eman diote lortutakoa hari Zezen Beltz elkartekoek.

Lau taldek parte hartu dute gaur arratsaldean Grand Prixean: Marea Urdinakoa bat, bestea Duchenne Parent Project ordezkatu duen taldea eta Azpeitiko eta Azkoitiko gazteek osatutako Dragoi Bola eta Txusterrak taldeak. Horiek sei proba egin behar izan dituzte. Jolasetako batean ikusleek ere parte hartu behar izan dute oinetakoak eta arropa emanaz. Ikuskizuna bukatu ondoren, zezen txikiekin jolasteko aukera izan dute gaztetxoek.