Udazkenaren hasierarekin ohi den moduan, hil honetan emango diote hasiera Plazatarrak egitasmoari. Udaleko Gazteria Saileko hezitzaileek eskaintzen dituzte saioak, eta iazko edizioaren balorazio positiboa egin dutenez, aurten ere egitasmoarekin jarraitzea erabaki dute. Haur Hezkuntzako 5. maila eta Lehen Hezkuntzako 6. maila arteko haurrei eta haien gurasoei zuzendutako ekimena da Plazatarrak, eta horiek aisiaz eta herriaz elkarrekin gozatzeko aukera izatea da helburua. "Giro lasaian, lagunartean herriko espazio publikoak, batez ere plazak, jolaserako berreskuratzea da asmoa", sustatzaileen arabera.
Ikasturte honetako lehen Plazatarrak saioa urriaren 18an, ostiralez, egingo dute, 17:30etik 19:00etara. Kiroldegi aurrean elkartuko dira, Kirolari fest ekintza egiteko. Jarduera gauzatu ahal izateko, Xeye herriko atletismo taldearen laguntza izango dute Gazteria Saileko hezitzaileek, elkarlanean antolatu baitute lehen Plazatarrak saioa. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute urriaren 16a, asteazkena, baino lehen, ludoteketan edo Gazte Informazio Bulegoan. Aurreko urtean bezala, lau umeko arduradun batek eman beharko du saioetan izena, gutxienez; gainera, ekintzan parte hartzera konprometituko da gurasoa.