Gero arte, Iñaki!

Nagore Alkorta alkatea, Eneritz Albizu Kultura batzordeburua, Mikel Odriozola Festa batzordeburuak eta Ainara Larrañaga zinegotzia 2019ko urr. 9a, 17:01

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak, Mikel Odriozola Festa batzordeburuak eta Ainara Larrañaga zinegotzi nahiz bandako kideak honako gutun hau idatzi dute, hil berri den Iñaki Alberdiri eskainita.

Goibel dago sanagustinpea atzotik, eta tristurak hartu du udaletxea eta Udal Musika Banda. Iñaki, goibel eta triste gaude, baina alai eta irribar batekin gogoratuko zaitugu. Alai eta kantuan udaletxe azpian, eta irrifarrerik ederrenarekin kalean gora eta behera zeure-zeure zenuen klarinetearekin, Udal Musika Bandarekin, herria girotzen.

Historia handiko Udal Musika Banda zoragarria dugu; punta-puntakoa. Hori zu bezalako pertsonengatik da, Iñaki. 68 urtez, kulturatik herrian eragiten aritu zara. Bandako kide eta oinarri izan zara. Beti lanerako eta festarako prest, bandako zuzendari, zuzendariorde, laguntzaile eta behar izan den guztia izan zara. Asko dira zuk irakatsita instrumenturen bat jotzen ikasi duten herritarrak ere. Horretan ere, beti umil, beti gozo.

Bandan aritu zaren 68 urteotan gozatzea tokatu zaizu, baina baita bandaren unerik zailenetan sufritzea ere. Beti egin duzu ahalegina bandari eusteko, bandan jende berriarekin zubiak eraikitzeko, eta taldeak aurrera egin zedin, zeuretik onena jarri duzu beti. Beti fin, beti alai.

Urte guzti hauetan egindako lan guztia eskertu besterik ezin dizugu egin. Zauden tokian zaudela, segi klarinetea jotzen, guk plazatik entzuten jarrai dezagun.