Iñaki Alberdi musikaria hil da

Uztarria.eus 2019ko urr. 8a, 16:04
Iñaki Alberdi klarinete-jotzailea duela urte batzuetako saninazioetan.

Udal Musika Bandako klarinete-jotzailea zen Iñaki Alberdi, eta gaur hil da, 84 urterekin. 69 urtez izan da bandako kide; instrumentuak irakasten aritu izan da, baita taldea zuzentzen ere. Azken hatsera arte izan da bandako kidea azpeitiarra: saninazioetan klarinetea jotzen aritu zen, eta datorren igandean eman behar zuten kontzerturako prestatzen ere ari zen. Zutabe garrantzitsua izan da bandarentzat, eta pertsona alaiaren oroitzapena utzita joan da.

Iñaki Alberdi bandako klarinete-jotzailea hil da gaur, asteartea, 84 urterekin. Azpeitiarra 69 urtez izan da Udal Musika Bandako kidea, eta behin baino gehiagotan taldea zuzendutakoa ere bai. Azken hatsera arte izan da bandako kidea azpeitiarra: saninazioetan klarinetea jotzen aritu zen, eta datorren igandean eman behar zuten kontzerturako prestatzen ere ari zen. Gainera, Zestoako Musika Bandarekin ere jotzen zuen Alberdik. Udal Musika Bandak bi omenaldi egin zizkion hari, bere lan eskergagatik: lehena, 1998an; eta bigarrena, 2015ean.

Txikitatik musikazalea izan zen Alberdi, hala adierazi zuen 2005eko otsailean Uztarriak egindako elkarrizketa batean. Pako Gurrutxaga nuarbetarra Udal Musika Bandaren zuzendari zela hasi zen bandan jotzen Alberdi, eta Jose Maria Altuna, Jose Luis Frantsesena eta, azken urteetan, Unai Frantsesena zuzendariekin aritu zen ondoren. Bandako zuzendari kargua ere hartu zuen behin baino gehiagotan. Altunak zuzendaritza lehen aldiz hartu zuenean, 1959an, haren laguntzaile lanak egiten zituen Alberdik. 1960ko hamarkadan krisi bat baino gehiago ezagutu zituen bandak, desegin eta berregin ibili zen taldea, eta sasoi horretan hartu zuen lehen aldiz zuzendaritza musikari hil berriak, 1962an eta 1963an; 1972an, banda berriro osatu zutenean, bera hasi zen zuzendari, eta 1990eko hamarkadan ere hartu zuen tarte batean Altunaren tokia, hura baja hartuta zela. Jose Luis Frantsesenarekin, berriz, zuzendariorde izan zen Alberdi; Frantsesenak ezin zuenetan, berak zuzentzen zuen banda, eta bandaren Akademian ere laguntzen zion, musikari gazteak trebatzen.

"Nork esan behar zidan niri"

Duela bi urte, Udal Musika Bandaren 150. urteurreneko ospakizunen barruan, bandaren historia, ibilbidea eta bitxikeriak jasotzen dituen liburua plazaratu zuten. Eñaut Frantsesena bandakideak idatzitako lan mardulean behin baino gehiagotan ageri dira Iñaki Alberdiren aipamenak, baita bera tartean den argazkiak ere.

Liburu horretarako testigantza eman zutenetako bat ere izan zen Alberdi. Hitz hauek utzi zituen, kolaborazio haren sarrerarako. "Nork esan behar zidan niri, 1950. urtean, musika ikasten hasi behar nuenik. Jose Maria Beristain Flakok, Pako zuzendariarengana zergatik ez nintzen joaten galdetu zidan urte horretan... (...) Eta nork esango, 65 urte geroago, musika bandan segituko nuenik! Baina hemen nabil oraindik, al pie del cañon esaten dena, nire hankak pasakalleetarako ez dauden arren, geldirik edo jarrita jotzen ditugunetan hor izango naiz ahal dudan bitartean".

"Asko goxatu dugu elkarrekin"

Jose Luis Frantsesena Schubert Udal Musika Bandaren zuzendari izandakoak sorpresaz hartu du Alberdiren heriotzaren berria, eta esan du azpeitiarra "dena" izan dela berarentzat. "Lanean elkarrekin aritu ginen 22 urtez bandan, sekula ez dugu izan haserre txikienik ere; 'hau egin behar dugu' esan eta egin egiten genuen. Oso ondo moldatzen ginen, denerako prest zegoen gizona zen. Baketsua ere bazen, eta beti irribarretsu egoten zen". Bandari "zeukan guztia" eman diola esan du: "Laguntasuna eskaini du bandan, eta horrez gain, irakatsi egin du, hala nola solfeoa eta musika tresnak. Gainera, zuzentzen ere aritutakoa da. Bandarako zutabe indartsua izan da". Schubertek lankide ez ezik, lagun min ere bazuen Alberdi, eta oroitzapen onarekin geldituko da: "Oso ondo moldatu gara, eta elkarrekin asko goxatu dugu, era guztietara".

"Zutabe garrantzitsua"

Unai Frantsesena egungo Udal Musika Bandako zuzendariak azaldu duenez, bandan "lan mordoa" egindakoa da Alberdi. "Giro ona sortzen zuen, eskolak ematen zituen... Zutabe garrantzitsu bat izan da", esan du. Dena den, Queen taldeak abesten zuena ekarri du gogora Frantsesenak: "Showak aurrera jarraitu beharko du, baina haren hutsunea sentituko dugu". Alberdiren umore ona ez du ahaztuko bandako zuzendariak: "Sekulako bizitzeko poza zeukan, eta beti prest zegoen parrandarako, baita klarinetea jotzeko ere. Beti umore oneko egoten zen".

"Pertsona alaia"

Ekain Artola bandako musikariari Alberdik irakatsi zion saxofoia jotzen, nahiz eta bera klarinete-jotzailea izan. "Saxofoia, tronpeta... instrumentu gehienak berak irakasten zituen. Jose Luis Frantsesenak solfeoa eta Iñaki Alberdik instrumentuak irakasten zituzten. Bandan askok eta askok Iñakiri esker ikasi dugu instrumentua jotzen, eta guretzat erreferente bat izan da". Artolaren arabera, "bizitza guztian" bandaren parte izan den pertsona bat da Alberdi. "Bandako kideen artean tratua lantzeko balio izan duen firgura bat izan da".

Artolak azaldu duenez, "bizitza guztia" eman dio bandari Alberdik. "Bizi osoan egin du lan bandak aurrera segitu ahal izateko". Horrez gain, "pertsona alaia" zela dio Artolak. "Musikarekin gozatu egiten zuen, eta musikaren ondoren egoten ziren afarietan eta antzekoetan umorea jartzea gustatzen zitzaion. Karnabaletan Bihotz heritua kantatzen zuen; kantatzen ere oso ona zen, nahiz eta azken urteetan pixka bat utzita zegoen".

Zestoako Bandaren esker bertsoa

Zestoako Musika Bandak bertso bat eskaini dio hil berri den Iñaki Alberdiri sare sozialetan. Honako hau da bertsoa:

"Aspaldi ireki zenion zuk

bidea klarineteari

Zestoara beti laguntzera

jotzen edo zuzendari

adibide umil bat emanez

gure jende gazteari

zenbat eman diozun Zestuko

kale, plaza ta bandari

eskerrik asko bihotz-bihotzez

eman duzun laguntzari".