Urriaren 27an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako saioa izango da Soreasun

Uztarria.eus 2019ko urr. 6a, 20:52

Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran izango dira antzokiko agertokian. Sarrerak Internet bidez eros daitezke dagoeneko. Beñat Lizaso eta Jokin Uranga final-laurdenetan izango dira: Lizasok Irunen abestuko du, eta Eibarren Urangak.

Atzo izan zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako azken saioa, eta dagoeneko erabakita dago zein 24 bertsolari pasatu diren hurrengo fasera. Horietatik zazpi final zortzirenetako saioen irabazleak dira, eta beste hamazortzi saioetan lortutako puntuazioei esker sailkatu dira final-laurdenetara; horien artean dira Beñat Lizaso –saioa irabazita zuzenean sailkatu zen– eta Jokin Uranga –puntuazioari esker sailkatu da– bertsolari azpeitiarrak. Gainera, beste bost bertsolari batuko dira fase berrian lehiara, duela lau urteko txapelketan egindako lanari esker.

Lizasok urriaren 20an, igandea, Irungo Amaia kultur zentroan (17:00) kantatuko du, eta harekin batera izango dira final zortzirenetako saio horretan Agin Laburu, Haritz Mujika, Iñigo Izagirre, Maider Arregi eta Unai Gaztelumendi. Urangak, berriz, Eibarren izango du hitzordua. Urriaren 27an izango da saioa Coliseo antzokian, 17:00etan hasita, eta Felix Zubia, Gorka Maiz, Jon Maia, Mikel Tapia eta Unai Muñoa ere agertokian izango dira.

Final-laurdenetako bost saioetako bat Azpeitian izango da. Hain zuzen ere, urriaren 27an, igandez, izango da saioa Soreasu antzokian, 17:00etan hasita, eta hamabi eurotan eskura daitezke sarrerak honako lotura honetan –sarrerak ez dira zenbakidunak–. Sarrerak Internet bidez erosteko aukera saioaren eguneko 13:00etan kenduko dute, eta urriaren 27an 16:00etan zabalduko dute txarteldegia. Aldiz, Soreasuko ateak 16:30ean zabalduko dituzte. Honako bertsolari hauek abestuko dute saio horretan: Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.

Bosgarren eta azken final-laurdena Azkoitiko Baztartxo antzokia izango da azaroaren 2an: Ander Lizarralde, Ane Labaka, Ane Zuazubiskar, Beñat Gaztelumendi, Maialen Akizu eta Mikel Artola ariko dira kantuan. Honako lotura honetan eros daitezke saio horretarako sarrerak.