Urriaren 18an egingo dute V. Trikigiro jaialdia

Uztarria.eus 2019ko urr. 7a, 10:00
Iazko Trikigiro jaialdiaren barruan egin zuten kalejirako irudia.

Trikitilari gaztetxoen emanaldia, kalejira, afaria eta emanaldia izango dira 19:00etatik aurrera. Sanagustin kulturgunean jarri dute afaritarako hitzordua, eta sarrerak gaur bertan jarriko dituzte salgai, hamabost eurotan. Afalostean hainbat soinu-jotzailek eta pandero-jotzailek eskainiko dute emanaldia Sanagustineko agertokian.

Trikigiro jaialdiaren V. edizioa urriaren 18rako antolatu dute Trikigiro elkarteak eta Kulturaz kooperatibak. Urtez urte izan duen arrakasta ikusirik, hutsik ez du egingo zitak, eta trikiti doinuak hartuko du herrian ostiral arratsalde horretan. 19:00etarako jarri dute trikitilarientzat hitzordua Sanagustinen, eta musikari gazteenek emanaldia eskainiko dute bertan. Ondoren, kalejira egingo dute Alde Zaharrean barrena, eta segidan afaria izango da Sanagustin kulturgunean. Nahi duen orok izango du afaritara joateko aukera, eta gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira otordurako sarrerak hamabost euroren trukean, Sanagustinen bertan edo 943-10 52 20 telefonora deituta.

Afalostean ere trikiti doinuak izango dira protagonista; izan ere, 23:00etatik aurrera, hainbat soinu-jotzaile eta pandero-jotzaile igoko dira kulturguneko agertokira. Besteak beste, bertan izango dira Julen Rueda, Julen Labaka, Haritz Garmendia, Manex Torrealdai eta Ekiñe Uzkudun; Mendaroko trikitilariak; Garixe, Arbeo, Attola, Maltzeta eta Txino; Izaro Oleaga, Araitz Etxaniz, Jurgi Ituarte eta Garazi Larrañaga; Elortza eta Aizpurutxo anaiak; Lanberri, Maria Lasa, Naiara Urresti eta Garazi Otaegi; eta Lidia nahiz Itzeder.