Etxeko jokalarien aldeko emaitzekin hasi da Azpeitiko XX. Erremonte Txapelketa

Atzo, ostirala, hasi zen Azpeitiko Erremonte Txapelketaren XX. edizioa. Izarraitz pilotalekuan jokatu zituzten atzoko ehiako bi partidak, eta dozenaka lagun izan ziren horiek ikusten. Lehen norgehiagokan A taldeko bi bikote lehiatu ziren: Ansa II.a eta Labaka 40 eta 32 nagusitu ziren Matxin III.aren eta Larrañagaren kontra. Matxin III.a eta Larrañaga ziren faborito nagusiak, baina Ansa II.a eta Labaka oso ondo moldatu ziren. Bigarren neurketa, berriz, B taldeko lau erremontistak jokatu zuten, eta Goikoetxea V.ak eta Ionek 40 eta 32 hartu zituzten mendean Juanenea eta Zubiri. Partida kontrolpean izan zuten une oro Goikoetxea V.ak eta Ionek, eta halakoxea izan zen emaitza. Bikote galtzaileek oso zaila dute finalerako txartela lortzea; izan ere, talde bakoitza hiru bikotez dago osatuta eta talde bakoitzeko lehen sailkatuak igaroko dira urriaren 25eko finalera.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide