"Guztiontzat ulergarria izango den mundu bat" aldarrikatuko du Atzegik aurtengo sentsibilizazio kanpainarekin

Uztarria.eus 2019ko urr. 5a, 14:05
Azpeitiko plazan egin zuten kanpaina ekitaldia, Urola Erdiko Atzegiko erabiltzaileek, boluntarioek, Atzegizaleek eta EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek. (Maialen Etxaniz)

Kanpainaren xedea da irisgarritasun kognitiboaren gaian sakontzea, eta adimen desgaitasuna duten pertsonek egunerokoan bizi dituzten zailtasunak ulertaraztea. Era berean, herritarrei egunerokoan "ingurune irisgarriagoa" eraikitzeko gonbidapena egin nahi die Atzegik. Azpeitiko Udalak bat egin du kanpainarekin, eta erakundeak inklusibitatearen alde lan egiten jarraituko duela azpimarratu du Nagore Alkorta alkateak.

Herritarrak desgaitasun intelektualaren betaurrekoak jartzera gonbidatu nahi ditu Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen familien Gipuzkoako elkarteak, 2019ko sentsibilizazio kanpainarekin. Atzo, ostirala, aurkeztu zuten Atzegiko Urola Erdiko ordezkariek aurtengo sentsibilizazio kanpaina Azpeitian, eta eskualdeko Atzegizale ugari elkartu zen agerraldian. Atzegiko Naroa Uriak, Aloña Agirrek eta Gotzon Alberdik azaldu zituzten kanpainaren inguruko xehetasunak. 

Nire errealitate intelektuala bizi eta mugak hautsi leloa aukeratu du Atzegik aurtengo kanpainarako, eta errealitate intelektual horren inguruan hausnartzea eta "guztiontzat ulergarria izango den mundu bat" aldarrikatzea da egitasmoaren xedea. Hain zuzen, sentsibilizazio kanpainarekin lortu nahi dutena da herritarrei desgaitasuna duten pertsonen "errealitate intelektuala" ezagutaraztea eta "ingurune irisgarriagoa" eraikitzeko gonbidapena egitea.

Mundu irisgarriagoa xede

"Egunerokotasunean ulertzeko zailak izan daitezkeen mezuak jasotzen ditugu, eta mezu horiek ulertzea zailagoa izaten da desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat. Adibidez, jatetxeetako kartak, egutegiak, garraio publikoetako ordutegiak, eskuorri informatiboak... Horiek ulertzea ez da erraza zenbaitetan", azaldu du Atzegik. Horregatik, Atzegiren helburua da herritarrak zailtasun horietaz kontzientziatzea, eta bakoitzak bere eremutik "mezu errazen aldeko apustua" egitea, "pixkanaka denontzat ulerterrazagoa izango den ingurunea eraikitzeko". Atzegiko kideen hitzetan, "desgaitasuna duten pertsonak ahalik eta autonomoenak izateko berebiziko garrantzia du mundua ondo ulertzeko aukera eskaintzea". Izan ere, elkarteko kideen arabera, mezuak errazago ulertzeko aukera eskaintzeak "eragin zuzena eta positiboa" du desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi kalitatean. Horregatik, Atzegik nahi duena da gizartea irisgarritasun kognitiboaren inguruan hausnarketa egitera gonbidatzea: "Pertsona bakoitzak bere lanean edo ingurune pertsonalean aldaketa txikiak egiten baditu ziur gaude mundu irisgarriagoa eraikiko dugula". 

Mundu eta eguneroko irisgarriagoa lortzeko Atzegik eta Atzegizaleek proposatutako aldaketa zehatzak azaldu zituen atzoko agerraldian Gotzon Alberdik: "Gauzak ulergarriagoak izan daitezen nahi dugu, udaletxean, anbulatorioan, kulturgunean... Testu errazak eta laburrak nahi ditugu, baita irudiak erabiltzea ere. Esaterako, komunak ondo seinaleztatzea irudiak erabiliz. Ondo ulertuko dugun mundu bat lor dezagun".  

Azpeitiko Udalak, beste urte batez, bat egin du Atzegiren sentsibilizazio kanpainarekin, eta atzoko agerraldian izan ziren EH Bilduko nahiz EAJko udal ordezkariak. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hartu zuen hitza, eta hark adierazi zuen Udalak inklusibitatearen alde lan egiten jarraituko duela aurrerantzean ere: "Gure asmoa da guztiontzat izango den herri bat eraikitzea eta horretarako lan egingo dugu. Nire errealitate intelektuala bizi eta mugak hautsi diozue leloan, eta gu prest gaude zuekin muga horiek hausteko". Halaber, Alkortak eskerrak eman zizkien Atzegiri eta Txolarte elkarteari egindako lan guztiagatik.

Urola Erdian 104 familia dira Atzegiren bazkide eta kolaboratzaile moduan 57 lagun aritzen dira. Era berean, 887 Atzegizale daude bailaran.

Atzegiren 2019ko sentsibilizazio kanpainaren barruan, spota kaleratu du elkarteak, eta Eli Agiriano azpeitiarra da protagonistetako bat. Hona hemen bideoa: