Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloaren XX. edizioa prest dute dagoeneko Azpeitiko, Azkoitiko eta Bergarako udalek eta Fray Joseph de Echevarria organoaren adiskideen elkarteko kideek. Asteburuan hasiko dira emanaldiak, eta hiru astetan organoaz gozatu ahal izango da hiru herri horietan. Izan ere, askotariko emanaldiak prestatu dituzte hiru asteburutarako.
Egitasmoa gaur aurkeztu dute Bergaran –urtez urte txandakatuz hiru herrietako batean egiten dute aurkezpena–, eta besteak beste, han izan dira Azpeitiko Udaleko kultur teknikari Pili Arrieta eta Jose Luis Frantzesena organo-jotzailea. Zikloaren sustatzaileek azaldu dutenez, programa betea antolatu dute aurten ere, "denen gustukoa izango dena". Organoari balioa ematea da zikloaren xedea, eta horretarako Euskal Herriko nahiz nazioarteko organo-jotzaile garratzitsuek eskainiko dituzte kontzertuak.
Azpeitiko hiru emanaldiak Loiolako Santutegian izango dira, igandeetan, 20:00etan hasita. Lehena igandean izango da, eta Willibald Guggenmos organistak eskainiko du emanaldia. Bigarrena, urriaren 13an eskainiko dute Ignacio Arakistain organo-jotzaile azpeitiarrak eta Peio Irigoien txistulariak. Hirugarren eta azken kontzertua, berriz, urriaren 20an izango da, eta Oscar Candedo organistak eta Easo Araoz Gazte abesbatzak parte hartuko dute saioan.
Azkoitiko kontzertuak Amabirjinaren Jasokundearen parrokian izango dira larunbatetan, 20:00etatik aurrera. Bergarakoak, berriz, San Pedro parrokian izango dira zapatuetan, 19:00etan.
Organo Erromantikoaren XX. Zikloaren egitaraua
Azpeitia
Urriak 6, igandea. 20:00etan, Willibald Guggenmos organista.
Urriak 13, igandea. 20:00etan, Ignacio Arakistain organista eta Peio Irigoien txistularia.
Urriak 20, igandea. 20:00etan, Oscar Candedo organista eta Easo Araoz gazte abesbatza.
Azkoitia
Urriak 5, zapatua. 20:00etan, Jose Luis Frantzesena organista, Iraurgi abesbatza eta Azkoitiko Parrokiako Abesbatza.
Urriak 12, zapatua. 20:00etan, Alize Mendizabal organista eta Andra Mari abesbatza.
Urriak 19, zapatua. 20:00etan, Bernhard Marx organista.
Bergara
Urriak 5, zapatua. 19:00etan, Jose Antonio Pascual organista, Eskola Gurutziaga abesbatza eta Donostiako musika eskolako abesbatza.
Urriak 19, zapatua. 19:00etan, Oscar Candedo organista eta Easo Araoz gazte abesbatza.
Urriak 26, zapatua. 19:00etan, organo ikasleen kontzertua.