Euskara doan ikasteko aukera eskainiko du aurten ere Udal Euskaltegiak

Uztarria.eus 2019ko ira. 11a, 18:04
Eneritz Albizu Euskara batzordeburua, Ane Uria C1 mailako euskara ikaslea, Elio Moreno A1 mailako ikaslea eta Olatz Zabaleta Udal Euskaltegiko zuzendaria. (Azpeitiko Udala)

Euskara ikasi edo maila hobetu nahi dutenek irailaren 20ra bitartean eman dezakete izena Udal Euskaltegian. Duela zenbait urte martxan jarritako beka sistema baten bidez, doan izango dira saioak.

Ikasturte honetan ere euskara ikasteko aukera izango da Udal Euskaltegian. Euskaraz jakin arren, hobetu edo tituluren bat atera nahi dutenentzat, euskaraz ikasten hasiak direnentzat, lehen urratsak eman nahi dituztenentzat.... denentzako ikastaroak antolatu dituzte aurtengorako ere. Gainera, A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako tituluak ateratzeko aukera eskainiko dute. Goizez, arratsaldez zein gauez eskaintza zabala izango da. Interesatuek dagoeneko eman dezakete izena saioetan; irailaren 20ra bitartean izango dute horretarako aukera.

Aurten, ez da EGA azterketarik egongo, baina Olatz Zabaleta Udal Euskaltegiko zuzendariak argitu du C1 maila dela EGA azterketaren baliokidea, eta maila horretako titulua ateratzeko bi deialdi izango direla. Azterketak izango dira, eta azterketa horietarako trebatzeko saioak ere emango dituzte euskaltegian, ohi bezala.

Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak herritarrak saioetan izena ematera animatu ditu: "Euskaraz ez dakiten edo maila hobetu nahi duten herritarrak animatu nahi ditugu euskaltegira. Izan ere, herrian integratzeko eta gozatzeko aukerak irekiko zaizkie euskarari esker. Lagunarterako aukerak, lan aukerak, hainbat kultur adierazpenez gozatzeko aukerak… Leiho berri bat irekiko zaie, eta ezagutzen ez zuten mundu baten parte izango dira", adierazi du. Aurreko ikasturtean, adibidez, 121 pertsona ibili ziren Udal Euskaltegian euskara ikasten, eta hamabi talde osatu ziren; maila desberdinetako hamar talde urritik ekainera bitartean, eta bi talde udan.

Euskara ikastea, doakoa

Duela zenbait urte martxan jarritako beka sistema baten bidez, euskara ikastea doakoa da Azpeitian: "Badakigu konpromisoa eskatzen duela euskara ikasteak, eta bidea apurka egin behar dela. Horregatik, erraztasunak ematen saiatzen gara Udaletik. Aurten ere, euskara ikasi nahi duten guztiek, maila guztietan, izango dute aukera doan euskalduntzeko, gutxiengo asistentzia bat betez gero. Euskara ikasteko bidean, herritarren ondoan egongo gara beti", azpimarratu du Albizuk.