Hau ez da kapritxo kontua, osasun kontua baizik

Maite Aizpitarte 2019ko ira. 10a, 20:01

Oñatz auzoko bizilaguna da Maite Aizpitarte, eta urarekin dituzten arazoak direla eta, honako iritzi artikulu hau bidali du Uztarria.eus-era. 

"Ura guztiona den oinarrizko beharra eta hondasuna da, baina, zenbait kasutan –nire familiarenean, esaterako– badirudi ez dela horrela; izan ere, urteak daramatzagu urari lotutako arazoei aurre egin nahian. Oñatz auzoan bizi gara, eta duela zortzi urte ingurutik izugarrizko arazoak ditugu urarekin, ez baitzaigu ur hedangarririk iristen etxera. Gainera, inork ez du arazoari konponbidea bilatzeko ezer egin, ez Azpeitiko Udalak, ezta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak ere. Ez zaigu bidezkoa iruditzen, eta egoeraren larritasuna ikusita, gure haserrea erakusteko garaia dela iruditzen zaigu. 

Gaur egun, Oñatz auzoko zortzi lagun bizi gara urik gabe. Gure bizilekuetara iristen den ura etxe inguruan dagoen iturburu batetik dator. Sasoi batean, iturburuaren ur emaria arrunta zen, eta ez zen ur eskasiarik izaten. Gainera, uraren kalitatea ona zen. Orain, baina, bestelakoa da egoera. Iturburuaren emaria oso txikia da, eta handik etortzen den ur apurra egoera tamalgarrian iristen da gure etxeetara, osasunarentzat kaltegarria izateraino. Ez da txantxetarako kontua; izan ere, ezaguna da bizilagun batek pneumonia izan zuela uraren arazoa tarteko. Eskumena duten erakundeek iturburuko uraren arazoa konpontzen ez dutenez eta urik ekartzen ez digutenez, etxebizitzetako teilatuetan bildutako euri ura edo bidoietan nahiz ur depostituetan gordeta izaten dugun ura da eskura daukagun bakarra. Dirutza utzi behar izaten dugu deposituak betetzen ditugun bakoitzean. 

Kezkatuta gaude, eta arazoaren larritasuna ikusita, gure seme-alabengan pentsatzen dugu; 15 eta 18 urte dituzte, eta ez dugu haiei ezer pasatzerik nahi. Horregatik, ezbeharren bat gertatu baino lehen, Udalari edo eskumena duen erakundeari exijitu nahi diogu gure etxebizitzetara baldintza onetan dagoen ura ekartzeko eta arazoari konponbidea emateko. XXI. mendean urik gabe bizitzea jasanezina da. Beraz, ez dezatela beste aldera begiratu. Bi aldiz elkartu gara udal ordezkariekin, eta arazoa aztertuko dutela esan diguten arren, ez dugu erantzunik jaso oraindik. 

Irtenbide bat nahi dugu. Hornitu gaitzatela ur edangarriz ezbeharren bat gertatu aurretik. Hau ez baita kapritxo kontua, osasun kontua baizik".