Gure Zirkua iritsi da Azpeitira

Uztarria.eus 2019ko ira. 2a, 13:06

Atzotik Azpeitian da Gure Zirkua. Gaur, astelehena, goizean hasi dira zirkuko karpa muntatzen Esklaben ondoko zelaian, eta bertan jarriko dute ikuskizunetarako sarrerak erosteko txarteldegia. Abuztuaren 14an jarri zituzten eskuragarri ikuskizunetarako sarrerak eventbrite.es webgunean, eta horiek guztiak agortuta, sarrera gutxi batzuk jarriko dituzte salgai txarteldegian.

Gure Zirkuak gaur 17:00etan irekiko du txarteldegia, eta sarrerak agortu arte egongo da zabalik. 

Irailaren 5etik 14ra bitartean hamahiru emanaldi eskainiko ditu Gure Zirkuak herrian. Honako egun eta orduetan izango dira Gure Zirkuaren Azpeitiko ikuskizunak:

  • Irailak 5, osteguna: 19:00etan.
  • Irailak 6, ostirala: 18:00etan eta 20:30ean.
  • Irailak 7, larunbata: 18:00etan eta 20:30ean.
  • Irailak 8, igandea: 12:00etan eta 19:00etan.
  • Irailak 11, asteazkena: 19:00etan.
  • Irailak 12, osteguna: 19:00etan.
  • Irailak 13, ostirala: 18:00etan eta 20:30ean.
  • Irailak 14, larunbata: 18:00etan eta 20:30ean.

Gure Zirkua proiektua kultur arloan aritutako hainbat artistek osatzen dute, eta tartean da Ekain Ibarguren malabarista azpeitiarra. Duela bi urte hasi ziren Gure Zirkua egitasmoari forma ematen, eta hasieratik aritu da lanean Ibarguren. Auzolanean sortu zuten gaur egun Gure Zirkua dena, eta Ibarguren lan horietan ari zela erreportajea egin zuen Uztarria.eus-ek. Tolosaldeko Atariak ere egin zuen Gure Zirkua proiektuari buruzko erreportajea, eta honako lotura honetan irakur daiteke.