Mikel Larrañaga aizkolariak bigarren egin du Urrezko Kopan

Uztarria.eus 2019ko abu. 16a, 17:16
Urrezko Kopan parte hartu zuten aizkolariak sari banaketaren ostean. (Ibon Errazu)

Donostiako Trinitate plazan jokatu zuten lehia bost aizkolarik atzo. 54 ontzako hamalau enbor ebaki behar izan zituzten, eta lanak bukatzen aurrena Iker Vicente izan zen. Larrañagak bigarren egin zuen, lanak 31 minutu eta 38 segundotan bukatuta.

Aizkolarien Urrezko Koparen XXXIV. edizioa izan zen atzo Donostian, Aste Nagusiaren barruan. Bost aizkolari aritu ziren nor baino nor jendez leporaino bete zen Trinitate plazan; tartean, Mikel Larrañaga azpeitiarrak. 19:30ean hasi zen proba, eta 54 ontzako hamalau enbor ebaki behar izan zituzten kirolariek.

Lehia estua izan zen atzokoa, eta Iker Vicente nagusitu bazen ere, Larrañagak lan oso txukuna egin zuen. Hain zuzen ere, azpeitiarra bigarren sailkatu zen. Vicentek 30 minutu eta 11 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko; Larrañagak, berriz, 31 minutu eta 38 segundo. Lehian Vicenteren aurretik ere ibili zen Larrañaga une batean, baina nafarrak aurre hartu zion, eta halaxe bukatu zen kopa. Larrañagaren eta Vicenteren atzetik, hirugarren sailkatu zen iazko irabazlea, Aitzol Atutxa, lanak 34 minutu eta 38 segundotan bukatuta. Haren atzetik sailkatu ziren Iñaki Azurmendi (37:37) eta Eneko Otaño (41:06).