Dena prest hilaren 24ko Euskal Herria Koparen finalerako

Uztarria.eus 2019ko abu. 5a, 19:21

Kirolzaleek, eta futbolzaleek bereziki, hitzordu garrantzitsua izango dute abuztuaren 24an Garmendipen. Egun horretan, 16:00etan hasita, IX. Euskal Herria Koparen finala jokatuko dute Athletic-en eta Realaren emakumeen talde nagusiek Azpeitian. Aurtengo txapelketaren aurkezpenean, otsailean, aurreratu zuten finala Azpeitian izango zela, eta uztailaren hasieran jakin zen finala jokatuko zuten taldeen izena eta finalaren data. Duela egun batzuk, berriz, Basazabal jauregian elkartu ziren antolatzaileak, babesleak eta kluben ordezkariak, hilaren 24koa aurkezteko.

Euskal Herria Kirola da Euskal Herria Koparen antolatzailea, eta Kike Zurutuza azpeitiarra, Euskal Herria Kirolaren kideetako bat. Aurtengoa Garmendipen jokatuko den Euskal Herria Koparen bigarren finala izango da –lehen ediziokoa ere bertan jokatu zuten–, eta iaz finalaurrekoetako bat ere jokatu zuten Azpeitian. "Lurraldetasuna dugu helburu eta urtez urte lekuz aldatzen joan ohi gara. Iaz, ordea, Iñigo Arregi Lagun Onakeko lehendakaria gurekin harremanetan jarri zen berriro, lehen edizio hartan bezala, Azpeitian egiteko. Lurraldetasunaz gain, futbol zelaien kalitatea eta udalak eskaintzen digun laguntza ere kontuan izaten dugu, eta Azpeitian guztiei eskerrak eman beharrean gaude, dena erraztu baitzaigu", adierazi zuen aurkezpenean Zurutuzak.

Izan ere, Lagun Onaken 75. urteurrenaren ekitaldietako bat izango da Athletic-Reala finala; "partida garrantzitsua" eta "urteurreneko ekintzarik garrantzitsuenetakoa", Iñigo Arregi Lagun Onakeko presidenteak nabarmendu zuenez. Hilaren 24ko finala Azpeitira ekartzea "apustu handia" izan dela esan zuen Arregik, eta udalak emandako laguntza eskertu zuen. Egoitz Arruti udaleko Kirol batzordeburuaren hitzetan, berriz, "ohorea" da Euskal Herria Koparen finala Azpeitian jokatzea: "Den partiduagatik, dituen balioengatik ederra izango da herrian partidu hori ikusteko aukera izatea".

Sarrerak

8 eurotan salduko dituzte Athletic-Reala finaleko sarrerak. 14 urtetik beherakoek eta Lagun Onaken bazkideek, berriz, partida debalde ikusteko aukera izango dute.