2019ko santioak eta saninazioak

Politikarien ohiko bisita eta aldarrikapenak, San Inazio bigarrenean

Uztarria.eus 2019ko abu. 1a, 15:36

San Inazio bigarrena da gaur, eta urtero legez, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat kideren bisita jaso dute Azpeitiko Udaleko ordezkariek. Iaz bezala, aurten ere Iñigo Urkullu lehendakaria ez da herrian izan, baina haren ordez bertan izan dira Arantza Tapia Ekonomia Garapena eta Azpiegituretako Sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta Maria Jesus Sanjose Lan eta Justizia sailburua. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat kide ere azaldu dira; Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Ernesto Merino Batzar Nagusietako lehendakariordea nahiz Jabier Larrañaga Ogasuneko diputatua, beste hainbaten artean. Azpeitiko Udal Gobernuko kideak ere plazan izan dira: Nagore Alkorta alkateak nahiz gainontzeko udal ordezkariek parte hartu dute ekitaldian. 10:15 inguruan plazatik Loiolako basilikara abiatu dira, 11:00etan meza izan baita bertan.

Loiolara iritsi aurretik, Olanok eta Tapiak adierazpenak egin dituzte. Gipuzkoa "garai berri batean" sartu dela azaldu du ahaldun nagusiak, eta hiru oinarri zehaztu ditu datorren agintaldira begira. Batetik, Gipuzkoak aurrera begirako erronkei "ilusio handiz" aurre egingo diela azaldu du Olanok, eta lurraldeko langabezia tasa %7aren azpitik dagoela azpimarratu du hitzartzean; gainera, datozen lau urteetan Gipuzkoan 10.000 lanpostu berri sortuko direla adierazi du. Horrez gain, gizarte kohesioa izan du hizpide Olanok, eta aldundiak "txiroen eta aberatsen" arteko desberdintasunak murrizteko helburua duela adierazi du. Azkenik, herritarrengana gerturatzeko "kultura politiko berria" martxan dagoela azaldu du ahaldun nagusiak. Tapiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia izan du hizpide, eta bereziki Espainian oraindik gobernurik ez osatzeak euskal ekonomian duen eraginaz jardun du hizketan. Hain zuzen ere, garraio azpiegituren inguruan hitz egin du Ekonomia sailburuak, eta AHTak, aireportuek nahiz bestelako azpiegiturek duten garrantzia azpimarratu du. 

Etxerat eta 47ak herrian!, kexu

Etxerat elkartekoak nahiz 47ak herrian! plataformako kideak zain zeuden Loiolan ordezkari politikoak iritsi direnerako, elkarretaratzea egin baitute bertan. Naike Diez Etxerat elkarteko kidea eta Nagore Luzuriaga 47ak herrian! plataformako kideak gutuna eman diete Olanori eta Tejeriari, eta ondoren adierazpenak egin dituzte. Diezek nabarmendu duenez, iaz ordezkari politikoei emandako eskutitzaren "erantzuna" jasotzeko asmotan azaldu dira Loiolara: "Presoen eta iheslarien senideok jasaten dugun egoeraren berri eman genuen iazko eskutitzean, eta gurekin biltzeko deia egin genien, baina ez dugu erantzunik jaso". Horrez gain, dispertsio politikak 30 urte bete dituela azaldu du Diezek, eta salbuespen neurrien amaiera eskatu du. Ondoren, Luzuriagak, 11/13 epaiketako auzipetuetako batek, hitz egin du: "11/13 epaiketak ez du inolako zentzurik egungo testuinguruan, eta erabat anakronikoa da". Epaiketa horren aurrean, instituzioei "pausoak ematea" eskatu die Luzuriagak. Elkarretaratzean izan dira Nagore Alkorta alkatea eta EH Bilduren Udal Gobernuko beste hainbat ordezkari ere.