Kepa eta Mikel Ibarzabal Elizkalean, familiaren kalean, Lagun Onak MBren egoitzaren aurrean. (Mailo Oiarzabal).

Ibarzabal anaiek 30 urteko esperientzia batzen dute udal Festa Batzordean. Gazteenak kargua utzi berritan, izan duten arduraz mintzo dira Mailo Oiarzabal kazetariak 2019ko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako erreportaje honetan.

Anaiek elkarren antza eta parekotasunak izatea ez da batere deigarria, askori gertatzen zaie, bestelako kasuak ere ugariak izan arren. Kepa (Azpeitia, 1946) eta Mikel Ibarzabalen (Azpeitia, 1952) ibilbideari erreparatuta, berriz, parekotasunek goia jotzen dutela ere esan daiteke: biak izan dira hamasei urtez zinegotzi Azpeitiko Udalean, biak Festa Batzordearen buru; eta aurretik, 1970eko hamarkadaren lehen urteetan Kepa eta 1980koaren hasierakoetan Mikel, biak izan ziren Lagun Onak Mendi Bazkunaren presidente.

Azken 36 urteetatik 30etan, etxe bereko bi lagunek, Ibarzabal anaiek, izan dute udaleko Festa Batzordearen ardura Azpeitian; ez da datu makala. 1983tik 1999ra egon zen udalean Kepa, EAJ ordezkatuz, eta urte horietan guztietan izan zen festetako arduraduna. Sei urteren aldea dute ibarzabaldarrek, eta lau pasatu ziren, agintaldi bat, batak zinegotzi izateari utzi eta besteak kargua lehen aldiz hartu bitartean. 2003tik aurten arte izan da udal hautetsia Mikel, EA ordezkatuz aurreneko bi agintaldietan, Bilduren ordezkari hirugarrenean eta EH Bilduren eledun amaitu berri duen laugarren eta azken agintaldian. Hamasei urte horietatik hamalautan izan da Festa batzordeburua anaia gazteena. 2008ko abenduaren 3an ETAk Inazio Uria hil zuen Loiolan eta egun berean utzi zuen EAk 2007ko udal hauteskundeen ondoren EAE-ANVrekin eta EB-Aralarrekin osatu zuen Udal Gobernua. 2011n, Bildu koalizioarekin hauteskundeak irabazi eta berriro Festa batzordeburu izendatu zuten Mikel, joan den maiatzeko hauteskundeetara arte bete duen kargua berreskuratuz.

Uriaren hilketaren ostekoak dira udaleko jardunean Mikeli bizitzea tokatu zitzaizkion unerik gogorrenak. "Esaten dute aurreneko agintaldia ikasteko izaten dela, hala esan zidaten niri: "Aurreneko agintaldia ikasteko, eta bigarrena gozatzeko". Baina niri bestera tokatu zitzaidan, bigarrenean sufritzea tokatu zitzaidan". Kepari hobeto egokitzen zaio Mikeli esan zioten hura: "Udalean ardura hartu nuenean, 'asmatuko al diat ba' pentsatzen nuen; baina hor sartu ginen. Aurreneko pare bat-hiru urte pasatu nituen kokatzen, non nenbilen ikasten, lurra hartzen bezala".

Ibilbide publikoan bezala, Azpeitian Festa batzordeburu izatearen ardura eta lana baloratzerakoan ere nahikoa bat datoz Ibarzabal anaiak. "Bata eta bestea esango dute, baina honek ere [Mikelek] ederki probatuko zuen festetako zinegotzi izatea zer den. Probatu ez duenak, ez daki", dio Kepak. Eta Mikelek berretsi: "Ondo ateratzen bada, inor ez da akordatzen. Eta gaizki ateratzen bada, kritikatu. Ardura eta lan handia da. Neuk, esaterako, saninazioak bukatu eta hurrengo egun ia osoa lo eta lo pasatu izan dut azken urteetan; festetako egunetan bizitako tentsioa gainetik kendutakoan, lasaitutakoan, atsedena eskatzen dizu gorputzak". Denborarekin kritikak nondik iritsiko diren ere ikasi egiten dela nabarmendu du Kepak: "Esperientzia hartzen duzunean, pertsonak ezagutzen joaten zara eta bakoitzari neurria nola hartu ere ikasten duzu. Gehiago izaten dira lana eskertzen dizutenak".

Emazteen meritua

Herriko festen artean gogokoena aukeratzerakoan ere bat datoz Ibarzabal anaiak. "Sansebastianak, kolorerik gabe. Besteei ez diet ezer kentzen, baina neuk gehien disfrutatzen dudana danborrada da", dio Kepak. "Niretzat ere sansebastianak, eta asko gustatzen zaidan bestea da Santio eguna", gehitu du Mikelek.

Eta bada zerbait, Festa batzordeburu gisan biek baitiote lanik zailena eta handiena ere danborradak ematen duela. Danborradak, eta Erregeen kabalkadak; herritar askorentzat urteko festa nagusien zerrendan atze samarrean agertuko den edo agertu ere egingo ez den urtarrilaren 5eko festak buruhauste handiak eman izan dizkiela aitortu dute. Bat datoz, halaber, kabalkada antolatzeko zein beste festetarako lagun izan dituzten herritarren eta taldeen lana eskertzerakoan eta goraipatzerakoan. Izen bat baino gehiago aipatu dituzte solasaldian, "baina hobe agian inorena ez jartzea, baten bat ahaztuko zaigulako, eta erraza delako horrelakoetan huts egitea".

Eskertzen eta goraipamenen zerrendan, ordea, emazteak dituzte gorenean. Zinegotzi izan zeneko unerik gogorrenak etxera "behin baino gehiagotan" iritsi zitzaizkion idatziak eta etxe atarian "beste tramankulu horietako bat jarri" ziotenekoak aipatu ditu Kepak. "Haiek egun gogorrak ziren, niretzako eta familiarentzako, eta batik bat emaztearentzako. Dudan emaztea izan ez banu, ez nuen hainbeste agoantatuko. Eskerrak hari", dio. "Hori egia da, eta berdin pentsatzen dut. Nire emazteak ere asko agoantatu behar izan du, eta asko lagundu izan dit; eta hori, nik ez ditudala usaindu ere egin honek [Kepak] pasatu behar izan zituenak", bota du Mikelek. "Xuabeenean izanda ere, andreak asko agoantatu behar izaten dik", gaineratu du anaia zaharrenak. "Noiznahi alde egiten duzu. Eta festetan, familiarekin bazkaltzen ari zara igoal, eta dena eta denak laga eta alde egiten duzu. Gogorra da". Emazteei lehenaz gain pilatzen zaien arduran sakondu du Mikelek: "Zeuri gustatzea ez da nahikoa, besteak eraman egin behar zaitu. Eta ume txikiak badaude tartean, esango didazu". Ildo beretik dator Keparen aitortza: "Lehen ere esan izan dut, eta ez daukat errepikatzeko zerarik: nik semeak pardelak ala trapuak erabiltzen zituen, aztarranik ez; orain bai, bilobekin, pardelak aldatu eta tokatzen dena. Zergatik? Etxean ez nintzelako egoten, minutu bat ere ez nuelako pasatzen. Orduan, zeinek egiten zituen gauza denak? Emazteak. Horregatik diot kristoren meritua eduki duena emaztea dela".

Festa batzordeburu berriarentzako bi mezu besterik ez dituzte: "Buzoa janzteko. Eta bikotean bizi bada, etxean gauzak ondo konponduta ateratzeko".

Pedrotarrak

Pedrotarrak edo Pedronekoak bezala ere ezagutzen ditu jendeak Ibarzabal anaiak. "Taberna bat izan zuten gurasoek Elizkalean, Pedroenea, Uztarri eta Takolo Txiki artean; orain botata dago", kontatu du Kepak. Bera mutil kozkorra zela utzi zuten taberna gurasoek. "Nik ez daukat haren oroitzapenik, baina aditzera dut nazionalista jendea ibiltzen zela dena han. Aita hemengo Batzokiaren kargu ere egon zen urte askoan", dio Mikelek.

Festarako eta antolatzeko joera etxetik al datorkien galdetuta, ezetz dio Kepak: "Pedrotarrok musikarako eta koruan abesteko joera gehiago izan dugu". Oargin eta mendizaleetan jasotako eskolak baliatu zituzten udalean. Pedroenea tabernara itzulita, lokala bera "berezia" zela gogoan du Kepak: "Sabaian, Gloria in Excelsis Deus eta 'hemen dago ardo ona' idatzita zituen, erdi-erdian margotuta zegoen uso baten bueltan. Pena daukat, lokal haren argazkirik ez izatea".