2019ko santioak eta saninazioak

Festa arroxaz gozatu dute umeek

Uztarria.eus 2019ko uzt. 28a, 20:29

Goizean eta eguerdian erraldoien itzalpean ibili dira Umeen Egunaren protagonistak, baina bazkalordutik aurrera bere egin dute festa herriko haurrek eta gaztetxoek. Marea Arroxari aurrea hartuta, 150 haur elkartu dira Azoka Plazan egin duten bazkarian. Sabelak beteta, meriendarako berriro tokia egiteko, jolasak izan dituzte jarraian bazkarian izan direnek. Begiraleekin batera, altxorraren bila ibili dira herriko hainbat txokotan barreiatuta, eta festa arroxa borobiltzeko, Erdikalean elkartu dira denak, ur festarako. "Ure! Ure!" eskatzen zuten kaletik, eta ura bota diete, bai, kalearen alde bateko zein besteko etxeetatik. Busti-busti eginda, baina gustura, ibili dira umeak.