2019ko santioak eta saninazioak

Tantaka, tsunamia

Uztarria.eus 2019ko uzt. 29a, 15:03

Hamar urte beteko dira aurten Marea Arroxa sortu zenetik. Lehen zipriztin arrosak gogoratu dituzte Anne Unanuek eta Mikel Segurolak banatu berri den 2019ko abuztuko Uztarria aldizkarian, Anartz Izagirre kazetariak idatzi duen erreportajerako.

Hamarkada bat igaro da festetan kolore arrosa jaun eta jabe bilakatu zenetik. Plazako batzar zabalak, herri bazkari arrosa, Txomingeroen bazkaria, txupinazo osteko kalejira nahiz kamiseta arrosak jaien ikur bilakatu dira herrian ordutik. Hori guztia duela hamar urte jaio zen, eta ondo gogoan dituzte Marea Arroxaren hastapenak Haujijijai batzordeko Anne Unanuek (Urrestilla, 1991) eta Mikel Segurolak (Azpeitia, 1991). Unanuek dioenez, "ilusioz beteta" zeuden garai hartan, eta "lan asko" izanagatik,  ederki pasatzen zuten. Segurolak azaldu duenez, "egin beharreko lana" moduan ikusten zuten festen antolakuntza, eta lanean "gozatu" egiten zuten. "Giro bikaina genuen eta horrek lana asko erraztu zuen", diote biek.

Festen antolakuntzaren inguruko eztabaida prozesuaren fruitua izan zen Marea Arroxa. "Jaien inguruan hausnartzeko bildu ginen hainbat herritar, eta festa batzordeak izan beharreko balio batzuk zehaztu genituen orduan", dio Segurolak. Unanuek Urrestillatik egin zuen jauzia: "Ni orduan Urrestillako festa batzordean nenbilen, eta Sanjuandegiko jendearekin eta saninazioak antolatzen ari zirenekin bildu ginen, festen inguruan hausnartzeko". Hain zuzen ere, Haujijijai batzordearen eta Marea Arroxaren sorrerak Sanjuandegiko eta Urrestillako festen berpiztearekin bat egin zuen. Unanuek adierazi duenez, orduan erabaki zen festa batzordeak nolakoa izan behar zuen: "Batetik, saninazioak jorratuko zituen talde bat sortu nahi genuen, hau da, Marea Arroxa; eta bestetik, festa guztiak bilduko zituen batzordea eratu nahi genuen, Haujijijai batzordea". Eztabaida prozesu haren ondotik sortu zen Marea Arroxa; parekidetasuna, euskara, gatazkaren konponbidearekiko nahiz ingurumenarekiko konpromisoa, elkarlana eta auzolana oinarri zituen festen antolakuntzako taldea.

Ez daude oso ziur zergatik aukeratu zuten kolore arrosa herriko jaietarako. "Herri osoa biltzeko aitzakia moduan kolore bizi bat behar genuen, eta arrosa aipatu zuten taldean", gogoratzen da Unanue. "Beste herrietako ereduak" oinarri hartu zituztela oroitzen da Segurola. Ordutik, ez da kolore arrosarik falta izan herriko kaleetan San Inazio bezperan, eta herri bazkariaz gain, beste hainbat ekitaldi famatu ere izan dira azken hamarkadan batzordeak antolatuta, hala nola playbacka, bakailao txapelketa eta txomingeroen bazkaria. Txitximore pertsonaia ere sortu zen festen harira, jaiak betaurreko moreen bitartez ikusten dituen pertsonaia feminista. Horrez gain, duela urte batzuk, Marea Arroxaren kantua egin zuen Skandalue elektrotxarangak hainbat herritarren laguntzarekin eta parte hartzearekin.

Kontuak kontu, biak alak biak bat datoz: "Ez genuen espero Marea Arroxak halako dimentsioa hartuko zuenik". Segurolak orduan "inertziaz" lan egiten zutela dio, eta Marea Arroxa eta horri lotutako guztiak izandako arrakastaz ez zela ohartu "kanpotik begiratu" zion arte. Unanue bat dator: garai hartan festak "naturaltasunez" hartzen zituela dio eta ez zela "pentsatzen ere jarri" zer nolako inpaktua izan zezakeen egiten ari zirenak herrian urte batzuen buruan. Hark gaineratu du urte batzuk beranduago "kontziente" izan zela Marea Arroxak zer nolako ibilbidea izan duen: "Oso batuta geunden orduan, eta Sanjuandegin, Urrestillan nahiz saninazioetan indarrak batzen genituen guztiok", azaldu du Unanuek. "Elkarren babesa izan zen Marea Arroxaren arrakastaren gakoa".

 

 

Lehen udaletxe azpiko arkupeetan eta orain plazako kioskoan, maiatz bukaeratik aurrera ia astero batzen dira Marea Arroxako kideak, eta taldearen barruan, hainbat azpi batzorde daude festak antolatzeko. Urte batetik bestera, Marea Arroxak hartutako dimentsioa dela eta, "beharrak bultzatuta" antolakuntzan aldaketa batzuk egin behar izan zituzten festa batzordeko kideek. "Jaiak beste esparru batetik bizitzeko gogoa genuen festa batzordeko hainbat kidek", dio Segurolak, eta hala, urte batetik aurrera, hainbat ekitalditarako boluntarioak eskatzen hasi ziren. Urte batean herri bazkarian lan egiteko zozketa egin zutela gogoratzen da Unanue, baina segituan konturatu ziren ez zela bidea; horren ostean hasi ziren boluntarioak eskatzen: "Jende asko lehen aldiz mahaia jartzen hasi zenean konturatu zen ez zela batere kostatzen festetan laguntzea", azaldu du Unanuek.

Segurolaren arabera, asko aldatu da kaleko giroa Marea Arroxa heldu zenetik: "Txikitako oroitzapenak ditut, eta gogoratzen naiz orduan ez zela halako girorik izaten egunean zehar". Horrez gain, kalea "herrikoitu" egin dela dio: "Txosnagunetik kalera ere igaro dira festak, eta orain, beste saltsa bat antzematen da kalean". Unanue ere bat dator: "Anbizio handia genuen, eta ahalik eta jende gehienarengana heldu nahi genuen, kalea hartu". Biak ados daude esatean Marea Arroxak herriari erakutsi nahi ziola festak "herritik eta herriarentzat" egin zitezkeela eta saninazioek irauten duten hiru egunetan kalean egoteak hori erakusten duela.

Herritarrengana heltzea, erronka

Marea Arroxak herrian duen sona nabarmena den arren, Unanuek eta Segurolak argi dute herritar gehiagorengana iristea izango dela Marea Arroxaren erronka nagusia. "Orain arteko balioetan sakondu, eta herritarrengana heldu behar dugu; biak uztartzean dago gakoa", dio Segurolak. Unanueren arabera, festen antolakuntza ezin da "lan karga" moduan ikusi; antolaketarako ilusioa eta gogoa izanez gero, "pila bat" gozatzen dela dio: "Festak beste modu batera ikustea dakar barrutik bizitzeak".

Unanuek eta Segurolak argi dute hamar urte hauetan guztietan festek ez ezik, Marea Arroxak berak ere bilakaera izan duela. Marea Arroxa sortu zenean ezarritako balioak "oinarrizkoak" izan zirela dio Segurolak, eta gaur egun mantentzen direla, nahiz eta herria aldatzen doan heinean, festak ikusteko modua eta antolaketa eredua ere aldatu egin den. Hamargarren urteurrena dela aprobetxatuta, festez "hausnarketa sakona" egitea tokatzen dela uste du Unanuek: "Kontua da urtean zehar ez garela biltzen, eta orduan eztabaidak desorduetan ematen direla". Biek ala biek argi dute ez dutela Marea Arroxarik gabeko saninaziorik imajinatzen, eta horretarako, beharrezkoa ikusten dute herritar gehiagoren parte hartzea aurrera begira, herriko festak arrosak ez ezik, anitzak ere izan daitezen bermatzeko.