Ikusmina sortu du beste behin Gaztetxeko baltsa jaitsierak

Uztarria.eus 2019ko uzt. 20a, 15:25

Gaztetxearen 14. urtemugako ospakizunetan murgilduta dabiltza hainbat lagun gaur goizaz geroztik. Hamaiketakoa eginda, baltsa jaitsierari ekin diote hainbat lagunek 12:00etan. Urtero moduan, ikusmin handia sortu dute Azpeitiye historiyen ziyer gaiari lotuta atondu dituzten baltsek eta haiekin Urola ibaian barrena egin duten ibilbideak; hain zuzen ere, askotariko gaiak hartuta sortu dituzte gazte kuadrillen aurtengo jaitsieran parte hartu duten bederatzi baltsak. Azoka Plaza ondotik abiatu dira parte hartzaile guztiak, eta Madalena pareraino joan dira horiek; batzuk baltsa gainean, besteak tiraka eta beste batzuk ahal zuten moduan. Plaza ingurua eta Zelai Luze aldea jendez lepo bete da baltsa jaitsierarekin.

14:30ean, bazkaria egingo dute Gaztetxean, eta bazkalostean, rap emanaldia eskainiko dute Josu Iraola eta Troya azpeitiar raperoek. Arratsaldean, 17:00 aldera, berriz, kalejirak, musikak eta jolasek hartuko dituzte kaleak. Urtero bezala, Gaztetxeko karroa aterako dute, etxean egindako sangriarekin eta musikaz girotuta.