Urte bukaerarako hasiko dira Esklabak-Iturtzulo eremuko etxeak eraikitzen

Uztarria.eus 2019ko uzt. 10a, 17:48
Josu Labaka zinegotzia, Nagore Alkorta alkatea eta Leire Goenaga zinegotzia Esklabak-Iturtzulo eremuan.

Esleitu ditu udalak lehen faseko etxebizitza guztiak, eta lizitazio fasean dira obrak. Eraikuntza enpresek abuztuaren 1era bitartean aurkeztu ahalko dituzte proposamenak. Eraikuntza lanak esleituta, etxebizitzak bi urteren buruan eraikiko dituztela aurreikusten du udalak. Bigarren fasean eraikitzeko asmoa duten 67 etxebizitzen zozketa egiteko lanetan murgilduta dabiltzala azaldu dute udal ordezkariek.

Azpeitiko Udalak zabaldu du dagoeneko Esklabak-Iturtzulo eremuko lehen faseko etxebizitzen lanen esleipenerako lehiaketa publikoa. Hain zuzen ere, abuztuaren 1a bitartean aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak eraikuntza enpresek, eta urtearen bukaerarako aurreikusten du erakundeak udal sustapeneko eta babes ofizialeko etxeen lehen faseko lanak hastea. Lehen fase horretan 29 babes ofizialeko eta 33 udal babeseko etxebizitza egingo dituzte; dagoeneko esleitu dituzte horiek guztiak. Eraikuntza lanak esleituta, etxebizitzak bi urteren buruan eraikiko dituztela aurreikusten du erakundeak. 

Obrak exekuzio fasean direla eta, gaur, asteazkena, xehetasunak emateko prentsaurrekoa eskaini dute udal ordezkariek, eta Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, hamar milioi euroko obra da lizitatuko dutena. "Udalarentzat pauso garrantzitsua da obrak esleipen fasean sartzea, aurreko agintaldiko erabakiak exekutatzen hasi garela esan nahi duelako". Horrez gain, azaldu du etxebizitza publikoen eskaintza egitea oinarrizko eskubide bat bermatzeko beste neurri bat dela: "Herritarrak Azpeitian geratzea nahi dugu etxebizitza babestuen politikak sustatuta. Babestutako etxebizitzek eragina dute familien ekonomian, eta beraz, etxebizitza publikoen eskaintzarekin herritarren bizi kalitatean eragitea da".

Joan zen uztailean itxi zuten babestutako eta udal sustapeneko etxebizitzen lehen faseko zozketan izena emateko epea, eta 408 herritar inskribatu ziren –zozketa joan zen urtarrilean egin zuten–. Zenbaki horrek erakusten du, Alkortaren arabera, herrian etxebizitza beharra "nabarmena" dela. Horri lotuta, behar horri erantzuten jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du udalak, eta ordezkariek adierazi dute bigarren fasean eraikitzeko asmoa duten 67 etxebizitzen zozketa egin aurreko lanetan murgilduta dabiltzala. "Gaur-gaurkoz ezin dugu askoz infomazio gehiago aurreratu, baina irailean emango ditugu bigarren faseko etxebizitzen proiektuaren gaineko xehetasunak".

Esklabetako eraikinaren atzeko aldean eraikiko dituzte babestutako etxebizitzak. U itxura izango du blokeak –Izarraizko Atea parkera begira–, baina lanok bi fasetan egingo dituzte: lehen fasean 29 babes ofizialeko eta 33 udal sustapeneko etxebizitza eraikiko dituzte; eta bigarren fasean, 39 babes ofizialekoak eta 28 udal sustapenekoak. Etxebizitza blokearen erdian plazatxoa egokituko dute, eta aurrerago etxebizitza libreen beste bloke bat eraikiko du Leku-Eder eraikuntza enpresak etxebizitza babestuen blokearen ondoan, Izarraizko Atearen aldera.