Iñaki Elorza 'Txapas': "Irratikoa oso esker oneko lana da"

Uztarria.eus 2019ko uzt. 10a, 13:30
Iñaki Elorza 'Txapas'.

Nork ez du ezagutzen Iñaki Elorza Txapas irrati esatari azpeitiarraren ahotsa? Erretiroa hartzear, Iruñean dabil egunotan eta igandean, uztailaren 14an, egingo ditu azken saioak, sanferminetatik. Julene Frantzesena kazetariak elkarrizketa hau egin dio, Uztarria aldizkariaren 2019ko uztaileko zenbakirako.

38 urte eta erdian ehunka eta ehunka kirol ekitaldiri ahotsa jatzen aritu ostean, hil honen erdialdean hartuko du erretiroa Iñaki Elorza Txapas Euskadi Irratiko kirol esatariak.

Sanferminetako Gaixoa niaren zuzenekoa eginda hartuko duzu erretiroa. Gustuko lana eginez bukatuko duzu irratiko ibilbidea, ezta?

Bai, bai, zalantzarik gabe. Bereziak dira niretzat sanferminak, eta aurten ere han izango naiz lanean. Urte guztian mantentzen dut Iruñeko lagunekin eta La Pamplonesa musika bandakoekin harremana. Pentsa, bandaren ehungarren urteurreneko liburua aurkeztu dute, eta harako artikulu bat egiteko aukera eman didate, beste hainbat lagunekin batera.

Iaz irratirako lan egingo zenuen azken sanferminak izango ote ziren esan zenuen. Zergatik zenuen duda hori?

Lehengo urtean Urola Kostako Hitzan egin zidaten elkarrizketan esan nuen haiek izan zitezkeela nire azken sanferminak. Izan ere, zalantza nuen azkenak edo azkenaurrekoak izango ziren; ez nuen garbi erretiroa hartu eta gero zer egingo nuen. Jende guztiari gertatzen zaion moduan, nik ere jubilazioa idealizatu egin nuen. "Zer ondo" esaten da norbait jubilatzen denean, baina ni ondo lanean egon naiz. Orain jendeak gero zer egin behar dudan galdetzen dit, eta egia esan, iaz zalantza banuen ere, ja ez daukat dudarik: ezer ez dut egingo, edo akaso bai, baina gorputzak esango dit zer egin behar dudan. Iaz ez nuen garbi, ikara moduko zerbait neukan. Irratiak aukera eman zidan nahi banuen beste urtebetez segitzeko, eta halaxe egin dut. Oso-oso urte ona izan da lanerako, gustatzen zaizkidan pilotariekin aritu naiz, gustuko ditudan elkarrizketak egin ditut eta atsegin ditudan lekuetara joan naiz. Bukatu ere hala egingo dut: ametsetan pentsatzen nuen bezala, sanferminekin.

Zer dute berezia sanferminetako zita horiek irrati esatari batentzat?

Pamplonesak eskatu zidan artikuluan kontatzen dut, hain justu, nire gurasoak San Fermin bezpera batean ezkondu zirela eta ezkon bidaia Iruñera egin zutela. Gero, mutikotan Iruñean ikasi nuen, eta nire gazte denborako lagun asko iruindarrak dira. Irratian lanean hastean, San Fermin jaietan lan egiteko aukera eman zidaten, eta bi aldiz pentsatu gabe eman nion baiezkoa proposamenari. Gero neuk proposatu nuen dianak ematea eta festa giroa jasotzea, sasoi hartan komunikabideak ez baitziren joaten dianetara; gaur egun, mundu osoa joaten da horietara. Sanferminekin zera berezi bat badaukat. Iruñea asko ezagutzen dut, bertako jendea ere bai... Azpeitia oso inportantea da niretzat, baina Iruñea ere bai.

Azpeitia aipatu duzunez, sansebastianak ere festa kuttunak dituzu, ezta?

Izan ditut. Nire lanaren alderik txarrena izan da ostiral, larunbat eta igande guztiak lan egin ditudala. Lehen etortzen nintzen Azpeitira San Sebastian bezperan eta egunean Ardozaleekin danborra jotzera, eta aldi berean, irratiz ematen nituen bi ekitaldiak. Gerora, baina, astuna egiten hasi zitzaidan, eta gainera, irratiak erabaki zuen Azpeitiko danborradak ez ematea. Badira bospasei urte sansebastianetara etortzeari utzi niola.

Zure kasa hasi zinen futbol emanaldiak grabatzen gaztetan. Horiek izan al ziren irratiarekin izan zenituen lehen harremanak?

Ikasketaz aparejadorea naiz. Sasoi hartan, artean ez zegoen irrati edo telebista eskolarik. Bagenuen lagun bat, Jaxinto Setien apaiza, oso ona zena jendea motibatzen, eta hark esan zidan futbol partidak eman behar nituzkeela. Izan ere, orduan ez zen futbol emankizunik egiten euskaraz; ez futbol partidenak eta ez beste kiroletakoak. Emango nituela esan nion, eta halaxe joan nintzen Atotxa futbol zelaira. Egia esan, ez dakit nola lortu nuen partidarako sarrera. Jende artetik egin nuen emankizuna, lantokian genuen magnetofoiarekin. Lanera itzultzean, zeinen ondo egin nuen esan zidaten. Orduan inork ez zuen euskaraz zerbait nola egin edo nola esan behar zen erreferentziarik, orduan ez zegoen hark baino hobeto edo okerrago egin duzula esateko aukerarik. 1981ean Eusko Jaurlaritzak hainbat dirulaguntza eman zizkien irratiei, tartean Herri Irratiari euskaraz egunean sei ordu emateko. Joxe Mari Otermin zen orduan kirol arduraduna, eta deitu egin zidan, zera esanez: "Enteratu nauk futbola gustatzen zaiala eta emankizunak egiten dituala, eta ba al daukak grabazio bat ekartzerik?". Hala, behintzat, hurrengo egunean joan nintzen, eman nion grabazioa, eta minutu bat entzuterako, irratian lan egin nahi al nuen galdetu zidan. Sekula ez zitzaidan burutik pasatu irratian lan egin nezakeenik, baina baietz esan nion. Etxekoei hala esan nien: "Lana daukat irratian". Eta etxekoek: "Nola lana daukazula irratian?". Ez zuten ulertzen.

Orduan hasi zinen, beraz, Herri Irratian.

Bai, Donostiako egoitzan. Realaren partidak ematen ziren Herri Irratian, baina ez ziren osorik euskaraz egiten. Joxean Alkortak eta biok euskaraz eta gaztelaniaz egiten genituen etxeko partidetako emankizunak; hark bi minutu gaztelaniaz, eta nik bi minutu euskaraz. Juan Lekuona zen orduan Herri Irratiko zuzendaria, eta hark esan zidan oso ondo egiten nuela euskarazko emanaldia. Sari bezala Madrilera joan nintzen Atletico Madrilen eta Realaren arteko partida ematera. Hura luxua!

Herritarrek nola hartu zituzten euskarazko lehen emankizun haiek?

Oso ondo. Jendeari euskara atseginean hitz egitea nahi genuen, nahiz eta bagenuen jendeak ez ulertzeko edo haiek hitzen esanahiak ez jakiteko beldurra. Aurrena euskaraz eta erdaraz jardutea ona izan zen, jendearengana gerturatzeko, eta gero euskara erraza sartzen joan ginen pixkanaka. Dena den, oraindik ere hitz asko arraroak egiten zaizkio jendeari. Azpeitian, adibidez, portero, defentsa zentrala eta delantero hitzak erabiltzen dira oro har. Izan ere, garai bateko jendeak orduan ikasi zituen bezala esaten ditu hitzak. Garrantzitsua dena da zuk ez izatea konplexurik irratian hitza behar den bezala esateko. Hori bai, niretzat inportanteena da jendearengandik gertu egotea, eta beraz, nik hitz tekniko bat esaten badut, ez dakit zer mailatako euskara erabilita, badakit jendeak ez duela ulertuko. Entzuleek ulertzeko eta haiengandik gertu egoteko jendeak erabiltzen duen hizkera erabili behar dugu. Komunikatu egin behar dugu, eta horretarako marjina zabala hartu behar da; ez dago "horrela, edo bestela ez du balio" esaterik.

Eta ekarrizketatzen zenituzten kirolariek-eta nola erantzuten zuten?

Kirolari historikoei ordura arte inork ez zien egin euskaraz elkarrizketarik, eta haien klitxe guztiak gaztelaniazkoak ziren. Askok hala esaten ziguten: "Nik ez dakit halako hitza euskaraz esaten".

Hain zuzen ere, UZEIren kirol hiztegia egiten aritu zinen.

Jose Anjel Iribarri omenaldi bat egin zioten 1970ean, eta hark erabaki zuen orduko hamaika milioi eta 700 mila pezeta ematea kirola euskaraz landu zedin. UZEIk hartu zuen kirol hiztegiak egiteko ardura, eta lantaldean sartu nintzen. Oso lan interesgarria izan zen; ordurako hainbat hizkuntzatan baziren hiztegiak, baina euskarazkorik ez zen. Hainbat erabaki hartuta, sortu genuen hiztegia. Ez pentsa duela 200 urte hala esaten zirenik egungo hitz asko; asmatu egin genituen.

Gogoratzen al duzu egin zenuen lehen zuzenekoa?

Bai, estropada bat izan zen. Mikel Albisu Antzak eta biok egin genuen, biok aurreneko aldia genuen. Mikel zegoen punta batean eta ni bestean, eta Mikeli eman zioten hitza. Hark niri ematen zidan pasoa, baina nik ezin nuen sartu, botoiren bati ez niolako ematen edo. Hala egin zituen hamabost minutu "aurrera Iñaki Elorza" esanez. Hasiberriak ginen, ze bestela halakoetan esaten duzu ezin duzula zuzenean konektatu kazetariarekin edo musika jartzen duzu. Gerora sartu ahal izan nuen, eta egin genuen saioa. Bukatzean esan ziguten lehen eguna izateko oso ondo egin genuela, gure harridurarako.

Herri Irratitik Euskadi Irratira joan zinen handik urte batzuetara.

Oposaketak atera zituzten, aurkeztu egin nintzen eta gainditu egin nituen. 25 urtez kiroletako arduradun izan naiz irrati horretan. Hasieran pilota emankizun gutxi egiten nituen eta futbolekoak asko, eta azken urteetan alderantziz izan da.

Inoiz pentsatu al zenuen irrati esatari izango zinenik?

Ez, ez. Irratia beti gustatu izan zait, eta etxean beti entzuten genuen, baina... Lehen irratia dibertitzeko entzuten nuen eta gero lanerako, eta horrek badu desabantaila bat: egun osoa zer esaten duten zain egoten zara, zer ez duten esan pentsatzen, albistea bilatzen... Entzule izatea erosoa da, baina gainerakoan lanaren esklabu bilakatzen zara, eta ezin duzu deskonektatu.

Urteotan asko aldatu al da lan egiteko modua?

Aldatu egin da, onerako eta txarrerako. Orain teknologiaren morroi gara. Nonbaiten zerbait gertatzen bada, egun kazetaria ez da gertaeraren tokira joaten. Twitterreko kontaktu bati idazten diozu, iritsiko zaizkizu lau argazki eta informazioa, eta... Lehen toki guztietara joan egin behar izaten zen, eta jendearekin zuzeneko harremana izaten genuen. Ni eskola zaharrekoa naiz, eta elkarrizketaren bat egin behar badut aurrez aurreko hitzordua jartzea nahi izaten dut. Teknologiaren aurrerapen guzti horiek atzeratu egin gaituzte harremanetan. Teknologia eskura daukagu baina ez dugu jendearekin zuzenean egoteko betarik. Elkarrizketa aurrez aurre eginez gero, normalean, askoz ere gauza gehiago kontatuko dizkizu protagonistak, eta gainera, hurrengorako elkar ezagutzen dugu. Teknologiak eta harremanek ezin dute batak bestearen kontra egon.

Kazetariak albistearen lekuan egon behar du, beraz?

Bai, albistearen lekuan, eta albistegai den horrengandik gertu; hau da, protagonistarengandik gertu.

Gutxi izango dira zure ahotsa entzun eta identifikatzen ez dutenak.

Euskal munduan bai. Inoiz pasatu zait taberna batera joan eta ahotsagatik ezagutzea. Normala da, irrati entzuleak ahotsa ezagutzen du.

Zer eman dizu irratigintzak?

Dena. Inoiz ez nukeen imajinatuko hain esker oneko lana izango zenik. Jendea, bazterrak eta mundua ezagutzeko aukera eman dizkit. Ezagutu ditut orain dela ehun urteko kirolariak, orain dela 40 urtekoak eta gaur egungoak, eta hori izugarrizko zortea edukitzea da. Ezagutuko nituela inoiz imajinatuko ez nuen pertsonak ezagutu ditut. Bestalde, jende gaztearekin lan egiteko aukera eman dit irratiak, eta ederra izan da; ikuspegia zabaltzen du horrek.

Kiroletan aritu zara lanean. Ba al duzu aritu ez zaren baina probatzea nahi zenuen beste alorrik?

Telebistan ezer ez egin izanaren pena daukat. Hastapenetan esan zidaten telebista probatzea nahi al nuen, baina ezetz esan nuen, irratian aritu nahi nuela eta. Telebista zer den jakiteko gogoarekin gelditu naiz.

Hilaren 14an, emankizunak bukatzean, zer egingo duzu?

Sanferminetako saioak bereziak izango dira, hango taldeekin lanean ariko naizen azken aldiak izango direlako. Egun horretako entzierroa azkena izango da, diana ere bai, egingo dudan saioa eta pilota partida ere bai... Gero ere joango naiz sanferminetara, betiko jendearekin egongo naiz, baina desberdina izango da. Ez dakit zer izango den uztailaren 14a; berezia ziur, eta badut gogoa.

Irratia entzungo al duzu erretiroa hartzean?
Moldatuko naiz irratirik gabe, baina entzuten jarraituko dut, asko gustatzen baitzait. Irrati kontsumitzaile handia naiz, eta denetarik entzuten dut, ez gurea bakarrik. Hori bai, ez naiz hainbeste egongo zer esan duten eta nola esan duten begira. Ez gara beste inor baino ez hobeak eta ez txarragoak.