Miren Gorrotxategik irabazi du (H)ilbeltza beka 'Vianako bihotza' egitasmoarekin

Uztarria.eus 2019ko eka. 28a, 19:58

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen dute (H)ilbeltza Beka. Vianako bihotza liburu egitasmoarekin irabazi du beka idazle azpeitiarrak. Epaimahaiak adierazi du, Gorrotxategiren proiektuaren tramak "Donejakue bidea eta upategien negozioa" uztartzen dituela, "ezohiko agertokira batera eramanaz".

Miren Gorrotxategi Azkunek (Azpeitia, 1981) irabazi du (H)Ilbeltza beka Vianako bihotza liburu egitasmoarekin. Aurten hamar proiektu aurkeztu dira, Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen duten bekara. Epaimahaia osatu dute Joseba Otondo Baztango alkateak, Castillo Suarez (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko ordezkariak. Epaimahaiak nabarmendu du Gorrotxategiren egitasmoak “literatura beltza izanagatik ere”, ohiko polizia eta detektibe istorioetatik ihes egiten duela: “Tramak Donejakue bidea eta upategien negozioa uztartzen ditu, eta horrek ezohiko agertoki batera garamatza”. Epaimahaiari egitasmo “arriskatua eta egingarria” iruditu zaio eta hori saritu nahi izan du. Gorrotxategiren lana 2010ko abenduan kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak. Beka gisa, Gorrotxategik 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 euro lana bukatutakoan.

(H)ilbeltza bekaren helburua euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten sormen lana egiteko beka egokitu da.

Miren Gorrotxategi Azkune Itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan diplomatua da. Hotel zuzendaritzako master bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle masterra ditu. Atzerriko zenbait unibertsitatetan ere egon da, ikasle zein irakasle modura. Itzultzaile eta idazkari lanetan ibilia, azken urteotan euskara irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. 2016an lehen liburua argitaratu zuen, 33 ezkil (Elkar), Augustin Zubikarai bekari esker. 2017az geroztik kolaboratzailea da Urola Kostako Hitza–n. Korosagasti filmaren gidoigileetako bat ere izan da.

2017an bekaren lehen edizioa ere beste azpeitiar batek irabazi zuen: Miel Angel Elustondok Kezko bola batek itoak birikak eleberriaren proiektuarekin. Nobela hori urte honen hasieran kaleratu zuen.