Urrestillako sanjuanak 2019

Aitor Mimenzak eta Ainara Urrutiak irabazi dute Urrestillako XVII. herri krosa

Uztarria.eus 2019ko eka. 15a, 22:58

Gaur, zapatua, egin dute Urrestillako XVII. San Juan herri krosa, eta korrikalari mordoa ibili da arratsaldean Urrestillan. Arratsaldeko 17:00etan hasi da krosa, eta aurrebenjaminak izan dira korrika ateratzen lehenak. Ondoren, benjaminak, kimuak, eta infantilak atera dira, eta azkenik, 18:00 inguruan hasi da lasterketa nagusia; kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak atera dira lasterka.

Korrikalari guztietan azkarrena Aitor Mimenza elorriarra izan da, 28:14 denbora egin du, eta bi minutuko aldea atera dio bigarren egin duen Mikel Garateri, eta hiru minutuko aldea hirugarren egin duen Ibon Arangureni. Nesketan azkarrena Ainara Urrutia aretxabaletarra izan da, 37:35 denbora eginda; bigarren, tarte gutxirekin, Mari Karmen Seijas sailkatu da; eta hirugarren Vanessa Cerrajero. 

Behin lasterketa amaituta, sari banaketa egin dute, eta ondoren krosean parte hartu duten gaztetxoen artean hainbat opari zozkatu dituzte.

Hona hemen gaur arratsaldeko Urrestillako herri kroseko argazki bilduma: