Jaso du aginte makila Nagore Alkortak, Azpeitiko lehen emakume alkateak

Uztarria.eus 2019ko eka. 15a, 15:59
Eneko Etxeberria eta Nagore Alkorta, batak besteari aginte makila eman ondoren.

Gaur eguerdian osatu dute 2019-2023 agintaldirako udalbatza berria. Nagore Alkorta da Azpeitiko alkate berria, eta historian kargu hori hartu duen lehen emakumea. EH Bilduren hamar hautetsien botoak jaso ditu inbestiduran; Amaia Etxeberriak, EAJren zazpienak. Alkortak gogoan izan du hori bere hitzartzean. Jasotakoa hobeto uzten saiatuko direla hitz eman, eta horretarako "esfortzurik handiena eta konpromiso zintzoena" agindu ditu. 

Gaur eguerdian osatu dute 2019-2023 agintaldirako Azpeitiko udalbatza berria. Historian lehen aldiz, emakume bat, Nagore Alkorta, izango da Azpeitiko alkate. Udaletxeko areto nagusia jendez beteta zela egin dute udal berria eratzeko udalbatzarra, eta aurreikusita zegoen bezala, Alkortak jaso du aginte makila azken zortzi urteetan alkate izan den Eneko Etxeberria koaliziokidearen eskuetatik.

EAJko Alberto Frantzesenak eta EH Bilduko Eneritz Albizuk –zinegotzirik zaharrena eta gazteena, hurrenez hurren– osatu dute udalbatza eratzeaz eta alkatea aukeratzeko bozketa zuzentzeaz arduratu behar zen adin mahaia. Joan den maiatzaren 26ko udal hauteskundeen emaitzek agindu bezala, EH Bilduren hamar zinegotzik eta EAJren zazpik osatuko dute datozen lau urteetan udalbatza: Nagore Alkorta, Josu Labaka, Eneritz Albizu, Aitor Bereziartua, Leire Goenaga, Agustin Lizarralde, Ainara Larrañaga, Mikel Odriozola, Idoia Arrizabalaga eta Egoitz Arruti izango dira EH Bildurenak hautetsiak; eta Amaia Etxeberria, Rebeka Larrañaga, Ander Ugarte, Izaskun Abaunz, Aritz Azpiazu, Jon Beristain eta Alberto Frantzesena, berriz, EAJrenak.

EH Bilduko hamar hautetsiek Alkortaren hautagaitzaren alde bozkatu dute. EAJko zazpiek, Etxeberriaren alde.

"Urrats txiki bat aurrera"

Alkatea hautatzeko bozketa amaitu eta Etxeberriak aginte makila bere eskuetan utzi bezain pronto, pleno aretoan elkartu diren herritar guztiei eskerrak eman ondoren, hauteskundeetan aurkari izan zuen EAJko Amaia Etxeberriari eman dio hitza Alkortak. Alkate berria eta EH Bilduren taldekideak zoriondu ondoren, Etxeberriak esker oneko hitzak izan ditu maiatzaren 26an botoa emanez parte hartu zuten herritar guztientzat, EAJren alde botoa eman zutenentzat, eta berretsi du Udalean elkarlana sustatzeko duten borondatea.

Alkortaren hitzartzea etorri da gero, udal berria osatzeko batzarraren azken txanpan. Zinegotzi kargua hartu duten guztiak zoriondu ditu lehendabizi alkate berriak, hartu duten "arrdurarengatik eskerrak" emanez; eta eskerrak emanez jarraitu du: azpeitiarrei, azken hilabeteetan ondoan izan duen EH Bilduren lantaldeari, beren proiektua babestu duten guztiei, azken urteetan Udal Gobernuan egon direnei, "eta, nola ez", Eneko Etxeberriari. Azpeitiko herriarentzat egin duen lanagatik eskerrak eman dizkio azken zortzi urteetan alkate izan denari, baita "erakutsitako prestutasunagatik eta momentu ez hain samurretan emaniko aholkuengatik" ere. Lankide izan dituen udaletxeko langileek, herrigintzan lanean dabiltzan taldeek eta norbanakoek, eta etxekoek osatu dute Alkortaren eskertzen zerrenda.

Gogora ekarri nahi izan ditu, halaber, "arrazoi ezberdinak medio, momentu zailak bizitzen" ari diren herritarrak: "Zailtasun ekonomikoak dituzuenak, ezintasun ezberdinak pairatzen dituzuenak, gurera etorri baina lekua bilatzen ez duzuenak, biolentzia ezberdinengatik zuen senide eta lagunak galdu dituzuenak, espetxean zaudeten azpeitiarrak... Zuen arazoak gureak ere badirelako. Egoera zailenetan aurkitzen zareten herritarren bizimodua hobetzeko lan egingo dugu", azpimarratu du.

Emakume bat da, gaurtik, Azpeitiko alkate, eta gertaera hori modu berezian ekarri du gogora Alkortak. "Gaur ni alkate izendatu izana Azpeitiko herria bizitzen ari den eraldaketaren erakusgarri dela uste dut.
Azpeitian lehen aldia da emakume batek alkate kargua hartu duela. Eta une honetan ezinbestekoa egiten zait nire bizitzako emakumeak gogoratzea", esan du, Fidela eta Maria amamei eta amari egin die aipamen berezia: "Gizonezkoentzat egindako mundu batean haziak eta heziak izan baziren ere, emakumeok munduan gure lekua izan behar dugula sinestarazi zidaten. Eta zergatik ez, ametsak inoiz ez ditugula alde batera utzi behar erakutsi zidaten. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet gugan eta nigan sinesteagatik". "Azpeitiko herriak ehundaka urte" izanagatik, gaur arte alkatearen aulkian emakumerik ez dela izan azpimarratu du: "Urteetan emakume askok eta askok emandako pausoen emaitza da gaurkoa. Horregatik, sentitzen dut Azpeitiko emakume bakoitzaren zatitxo bat nirekin dagoela hemen. Uste dut, gaurkoan guztiok egin dugula urrats txiki bat aurrera".

Herritarrei protagonismoa

Jasotakoa hobeto uzten saiatuko direla hitz eman, eta horretarako "esfortzurik handiena eta konpromiso zintzoena" agindu ditu alkate berriak. Elkarlanean aritzeko prest daudela ere adierazi du: "Denon alkate izaten saiatuko naiz, nahiz eta jakin ez dela lan makala izango. Eta, honekin, Amaia [Etxeberria], zuri eta zure taldeari ere bereziki eskua luzatu nahi dizuet", adierazi du, EAJren zinegotziei zuzenduz.

Baina bereziki nabarmendu du Alkortak herritarren parte hartzeak izango duen garrantzia. Herriaren ordezkariak izateko hautatu dituztela ekarri du gogora, baina erantsi du "argi" daukatela "herritarrak ez daudela ordezkatuak izateko eta herriko kontuez paso egiteko borondatearekin". Horregatik, udaletxeko "hormak gardenak" izango direla eta "ateak irekita" izango dituztela esan du. "Denon beharra dugu hasitako lanarekin jarraitzeko, eraldaketan sakontzeko, herri justu eta irekiago bat egiteko, inor baztertuko ez duena. Eman diezaiogun, beraz, hitza herriari. Behin eta berriro. Izan ditzagun pertsonak abiapuntu eta helburu. Sortu ditzagun tresna berriak, sortu ditzagun aukera berriak, herritarrei dagokien protagonismoa aitortzeko eta bere buruaren jabe izango den herri bat eraikitzeko. Izan ere, demokrazian sakontzea da ditugun arazoei konponbidea emateko biderik egokiena Azpeitian, Euskal Herrian eta mundua", borobildu du alkate berriak bere hitzartzea eta, horrekin, kargu-hartze udalbatzarra.