Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Urola Ikastola BHIko ikasleek ikasturte amaierako jaialdia egin dute

Uztarria.eus 2019ko eka. 14a, 23:01

2018-2019 ikasturtea amaitzeko jaialdi jendetsua egin dute Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Urola Ikastola BHIko ikasleek, kiroldegian. 19:00etan hasi da jaialdia, eta DBH1ekoak izan dira kantxara ateratzen aurrenak; hainbat dantza egin dituzte gaztetxoek. Ondoren, Haur Hezkuntzako haurren txanda izan da; bigarren mailakoek Waterloo kantua abestu dute, hirugarren mailakoek Musua, laugarren mailakoek Gure animaliak, eta bosgarren mailakoek, Played a live

Haur Hezkuntzakoen ostean, Lehen Hezkuntzakoak atera dira kiroldegiko kantxara. LH1 eta 2 mailakoek Lapurdiko Polkak egin dituzte, trikitixaz, panderoz eta txalapartaz lagunduta. Ondoren, LH3 eta 4 mailakoek The hypno dantza egin dute, eta azkenik, LH5 eta 6 mailako gaztetxoek Cai fora dantza egin dute. Bukatzeko, Urola Ikastola BHIko batxilergoko ikasleei orlak banatu dizkiete, eta behin hori amaituta, Urolaldeko kanta abestu dute kiroldegira bertaratu diren ikasle, irakasle eta gurasoek.