Getariako erregina, Azpeitira

Uztarria.eus 2019ko eka. 12a, 19:03
Ruth Mozo, Mikel Ibartzabal, Itsaso Agirre eta Estitxu Elduaien, Txakolinaren Egunaren aurkezpenean.

IV. Txakolinaren Eguna egingo dute larunbatean, Perez Arregi plazan. Hamalau upategitako txakolina dastatu ahal izango da, baita bildots eta gazta pintxoak ere.

Jan-edana gustuko duenak plan paregabea izango du larunbatean, Azpeitian. Izan ere, IV. Getariako Txakolinaren Eguna egingo dute, Perez Arregi plazan. 12:30etik 14:30era bitartean, era askotako txakolina dastatzeko aukera izango da, eta edariari laguntzeko, bertako gaztaren eta bildots errearen pintxoak ere banatuko dituzte. Giroa alaitzeko, Xendarineko ahizpekin erromeria izango da.

Lehen urtean, Perez Arregi plazan egin zuten egitasmoa; bigarren urtez, plazan; eta aurten, iaz bezala, berriro ere Perez Arregin izango da txakolinaren festa. Mikel Ibartzabal zinegotziak azaldu duenez, plaza “handitxo” gelditzen zelako erabaki dute gune horretan egitea.

Aurtengo edizioan, honako hamalau upategi hauetan ekoitzitako txakolina dastatzeko aukera izango da: Agerre (Getaria), Akarregi Txiki (Getaria), Ameztoi (Getaria), Arbela (Aia), Basa Lore (Zarautz), Katxiña (Orio), Rezabal (Zarautz), Elkano (Getaria), Mokoroa (Zarautz), Roke Eizagirre (Zarautz), Sagarmiña (Mutriku), Txomin Etxaniz (Getaria), Zudugarai (Aia) eta Urkizahar (Beizama). Beraz, Gipuzkoako herri askotan ekoitzitako txakolina probatu ahal izango da larunbatean.

Kopa bost euro ordaindu beharko da, eta bost txartel banatuko dituzte edalontziarekin batera. Modu horretan, bost txakolin dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Ruth Mozo Getariako Txakolina jatorri izenaren idazkariak azaldu duenez, Gipuzkoa osoan, 433 hektareatan ekoizten dute Getariako Txakolina, eta aurten, espero dute 400 hektareatan ekoitzitako mahatsa bildu ahal izango dela. "Gutxi gorabehera, 150 pertsona ariko dira une honetan lanean mahastietan eta upategietan", azaldu du. Egun, Getariako Txakolina jatorri izenaren barruan, 33 upategi daude. Mozok gogorarazi duenez, duela hamabi urte eremu geografikoa zabaldu zuten: "Lehen, Getarian, Zarautzen eta Aian ekoitzitako txakolina baino ez zen izen horren barruan onartzen, baina orain, Gipuzkoa osoan daude mahastiak eta upategiak".

Urtean zehar, Getariako Txakolina jatorri izenak txakolin egun bat baino gehiago antolatzen ditu. "Esportazioa handitzen ari da, eta hori ere garrantzitsua da, baina batzuetan ahaztu egiten dugu Gipuzkoa dela gure lurraldea", esan du Mozok. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio Azpeitia bezalako herrietan Getariako Txakolinaren Eguna egitea.

Janik ez da faltako

Edariarekin batera, Idiazabal gazta pintxoak eta euskal bildotsarenak probatzeko aukera izango da; euro eta erdi eta bi euro balioko dute pintxoek, hurrenez hurren.

Azpeitian ekoitzitako lau gazta dastatu ahal izango dira larunbatean: Premietxeberri, Berastegi, Galarraga eta Abel Segurolarena. Premietxeberri baserriko Itsaso Agirrek esan duenez, badaramatzate urte batzuk Txakolinaren Egunean parte hartzen, eta "egun polita" izaten da. "Txakolinak eta gaztak bikote ederra egiten dute. Ondo uztartzen dira txakolinaren freskura eta gaztaren zaporea". Pintxoez gain, gazta erosi nahi duenak ere izango du horretarako aukera.

Gainera, Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideak lanean ariko dira larunbatean, pintxoak banatzen: "Talde horrek urtero laguntzen digu Txakolinaren Egunean, Ardo Egunean eta Sagardo Egunean, eta benetan eskertu nahi diegu egiten duten lana", azaldu du Ibartzabalek.